Erabateko lanuztea egin dute Tubacexeko hiru lantegietan

Erredakzioa 2020ko ira. 17a, 16:24
Tubacexeko langileak errepide ertzetik abiatu dira lanpostuen defentsan. / @AIARALDEA

Aiaraldeko lantegietan iragarritako kaleratzeen eta murrizketen aurkako lanuztea egin dute Tubacexeko langileek, 24 orduz. Jarraipena "erabatekoa" izan da, eta batzorde osoak baztertu du zuzendaritzaren planteamendua.

Tubacexeko langileen batzorde osoak deituta, 24 orduko lanuztea egin dute ostegun honetan Aiaraldean, enpresaren hiru lantegietan. ELA sindikatuak "oso positibotzat" jo du langileen erantzuna, eta jarraipena "erabatekoa" izan dela azaldu du.

Zuzendaritzak uztailean iragarri zuen gastua 10 milioi euro murrizteko asmoa duela eskualdeko lantegietan, eta horrek 150 lanpostu suntsitzea ekar lezake Aiaraldean. Berregituratze-planaren arabera, nazioarteko plantilla osoaren %20 inguru kaleratu nahi dute, guztira 500 langile, gutxi gorabehera. Gaur egun, 800 langile ditu Tubacexek Araban, Laudioko eta Amurrioko lantegietan.

15:00etan, Amurriotik Laudiora martxa egin dute, eta, lanuzte egunari amaiera emateko, manifestazio bat abiatu da 19:00etan Laudioko Tubacexetik Herriko Plazaraino.

Aiaraldea Komunikabidea greba egunaren zuzeneko jarraipen berezia egiten ari da.

Sindikatuak murrizketen aurka

ELA sindikatuaren ustez, enpresaren jarrera "nahasia eta xantaiatsua" da: "Uztailean plantak lehiakorrak ez zirela eta irtenbidea 150 pertsona kaleratzea zela esaten zuen bitartean, orain kaleratzeen alternatiba gisa langile guztien soldata nabarmen murriztea proposatzen du: plusak kentzea, soldatak izoztea, lanaldia nabarmen handitzea eta onura sozialak murriztea".

Langileen ordezkarien ustez, "beldurraren eta segurtasun ezaren aukera" erabiltzen ari da enpresa, "langileak beldurtzeko eta eskubideen murrizketa bortitza onartzeko".

"Egoera aprobetxatu nahi dute duela urte eta erdi sinatu genuen hitzarmena hausteko, baina ez dugu onartuko", adierazi dute langileek. Gaur gaurkoz, batzorde osoak baztertu du enpresaren planteamendua, euren ustez taldearen eta euskal lantegien benetako egoera ekonomikoa ez dagoelako egiaztatuta. Horregatik, "etorkizunerako plan bat" eskatu diote zuzendaritzari, "lehiakortasuna ezin delako lan kostuetan oinarritu".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide