LUIS PADURA

"Forjaketari buruzko sekretuak kondairen bitartez ezkutatu dira"

Juanma Gallego 2020ko abu. 26a, 10:00
Luis Padura errementaria. / ALEA

Bizitza osoa suaren eta burdinaren inguruan eman du Luis Padura errementariak, eta, erretiroan dagoen arren, grinaz mintzatzen da oraindik gaiari buruz. Haren familiak belaunaldiz belaunaldi mantendu du lanbidea. Idatzita egon arren, ogibideari buruzko ezagutza asko galduko diren beldur da erremintari ohia.

Duela bederatzi urte hartu zuen erretiroa Luis Padura (Beotegi, 1945) errementariak, baina, noizean behin, plazer hutsagatik lanak egiten jarraitzen du. 22 urte zituenetik sutegian ibili ondoren, orain, tximiniaren beroa lagun eta liburuez inguratuta, patxadaz hitz egiteko aukera dauka. Hein handi batean, galtzeko bidean den ogibide baten azken zaindarietako bat da Padura.

Ogibidea familiatik datorkizu. Zer dakizu haren historiari buruz?

Padura familia XVI. mendetik dokumentatuta agertzen da, eta agiri horietan zehazten da errementariak bazeudela familian. Tradizio hori gaurdaino iritsi da, belaunaldiz belaunaldi mantenduta. Nire aita, nire aitona, nire birraitona... guztiak errementariak izan ziren. Familiako kide batzuk Sevillara joan ziren notario gisa aritzera, eta horiek beti hitz egiten dute haien jatorriez. Hara joan zirenean beste armarri bat egin zuten, seguruenera asmatutakoa, baina hemen mantentzen da jatorrizkoa. 

Seme-alabarik izan ez arren, zure ezagutzak ikasle ugariri helarazi dizkiezu...

Ikasle asko izan ditut, eta horietako batzuk modu bikainean aurrera egin dute forjaketan. Adibidez, Oier Elordui Katalunian lanean egon da, Sagrada Familian. Iñaki Canterla, berriz, Galiziako errementari batekin dago, Santiago de Compostelako Obradoiro plazako burdin sareak zaharberritzen. Urduñan beste erremintari bat dago, esaterako, eta beste pare bat Legazpiko Mirandaolan egon dira. Jauzi nabarmenak dira, baina forjaketaren teknika oso ondo menperatzen dute. 

Lehen belaunaldiz belaunaldi ematen zen transmisio hori ez al dago galduta gaur egun?

Egia da. Orain normalean seme-alabak ez dira geratzen baserriko ogibidea mantentzeko. Sutegien munduan, berriz, hobeto mantendu izan da. Arrazoia izan daiteke agian lanbide oso errentagarria izan zela, garai batzuetan bederen. Gainera, familiako sutegitik atera arren, oso baliabide gutxirekin posible zen lanean hastea: ingudea, mailua eta suhatzak besterik ez ziren behar tresna gehiago fabrikatzen hasteko. 

Eta horrela ezagutza hori mantentzen zen?

Forjaketaren sekretuak klanaren barruan geratzen ziren. Iparraldeko Europan, adibidez, sutegi bateko laguntzaile bat joaten bazen, debekatua zuen beste sutegi batera joatea. Are gehiago, zenbait hiritan errementariek hiritik ateratzea galarazita zuten. 

Egun, "azpiegitura kritiko" deituko genioke horri...

Hala da. Eta seguruenera horregatik horren bueltan kondaira mordoa sortu ziren; atzean oinarri historiko bat zeukatenak. Altzairuzko tenplaketa berezi horiek, adibidez. Horren inguruan maisuari galdetzen ziotenean, erantzuten zuen tenplaketa egiten zutela ume ilehori baten gernuarekin, edo iratzeak jaten zituen ahuntz birjina baten gernuarekin... inguruan ezinezkoak ziren elementuekin, alegia. Istorio hauen azken helburua sekretu horiek mantentzea zen. Izan ere, garrantzi handiko jarduera zen. Buztinaren lanbidea kenduta, egon diren beste ogibide guztiak forjaketaren menpekoak izan dira. Bada une historiko bat, erromanikoaren ostean, harrizko eskulturan beherakada izugarria izan zena. Baina ikertzaileek ondorioztatu dute atzean benetan forjaketaren beherakada bat egon zela. Zegoen altzairua ez zen ona, eta bultoko eskultura on bat egiteko modurik ez zegoen, tresna egokirik ez zeukatelako.  

Eta zergatik galdu zen ezagutza hori, bada?

Gerra edo inbasio bat gertatzen zenean, errementariak hiltzen zirenean, sekretu asko galdu egiten ziren; hortik etorri zen beherakada. Hemendik gutxira ere gertatuko zaigu, ezagutza asko galduko direla praktikan erabiltzen ez direlako. Gai bati buruzko tratatu bat egin ahal duzu, idatzita, baina badira gauza asko inoiz idazten ez direnak. Irakasle gisa gertatu zait: ikasle bat datorkizu esanez ea zergatik hau edo bestearen inguruan ez zaren mintzatu, eta orduan konturatzen zara badirela gauza asko suposatutzat ematen dituzunak, baina inon jasota geratzen ez direnak.

Baina gauza asko idatzita jasota egongo dira, ezta?

Bai, asko dago idatzita. Baina normalean idazten zutenak ez ziren errementariak, prozesua behatzen zuten beste lagun batzuk baizik. Eta gauzak ikusi arren, zaila da horiek idatzita jartzea. Teorian ezagutza mantentzen bada ere, zaila da praktikara eramatea. Baina garai batean burdina barra-barra ateratzen zen hemendik, eta, gaur egun, teknika hori guztiz galduta ez badago ere, ia-ia galduta dagoela esan dezakegu. Nik neuk denbora bat eman dut, labe txikiekin eta, minerala erreduzitzeko esperimentuak egiten, eta lehen eskutik ikusi dut zailtasun hori. 

Erabiltzen den mineral motak ere izango al du eraginik?

Bai, baliteke. Kontuan izan behar dugu aspaldiko meatzaritza-ustiaketa horretako hondarrekin ari garela lanean, eta erreduzitzeko orduan mineralik hoberena lurraren azaletik gertuago dagoena dela. Baina hori desagertu bada, gainerako materiala ez da hain ona, eta agian horregatik itsuan ari gara. 

Funtsean arkeologia esperimentala egin duzue, beraz...

Bai, eta horrela deitu diogu, gainera. El Pobalen [Bizkaia], Taramundin [Asturias], Gallartan [Bizkaia] eta beste hainbat lekutan horrelako esperimentuak egin ditugu, labe txikiak eraikita. Burdin asko duten zepak lortu ditugu. Behin zortzi kiloko pieza bat lortu genuen, baina gero hori landu beharra dago, eta horretan jarraitu behar dugu, hori nola forjatu asmatu nahian. Burdina lortzeko, tenperatuta egokia lortu behar dugu, den-dena bertan behera amildu ez dadin.

Nolakoa izan da zure esperientzia hezkuntzaren alorrean?

Toki askotan ibilitakoa naiz. Urduñan tailer-eskola batean lau urte eman nituen. Legazpin beste hiru errementarirekin batera forjaketa eskolan egon ginen. Balmasedan ere bederatzi urtez irakasten egon nintzen, eta, tira, aitortuko dizut herria burdinez bete genuela! Barandak kilometroka jarri genituen, eskulturak, erromatarren garaiko armadurak... Eta gero dago Lantenoko arte eskola. Berez, herriko elkarte bat da, duela 32 urte jaio zena, herriko jendea biltzeko aitzakia baten modura. Bertan ere 28-29 bat urte eman ditut, egur lanketa irakasten.  

Zer motako lanak eskatzen zizkizuten?

Hori garaiaren araberakoa da. Nire aitaren garaian, adibidez, nekazaritza lanabesak konpondu beharra zegoen. Leihoetako eta balkoietako burdin-sareak ere asko eskatzen ziren. Ni hasi nintzenerako, batez ere etxeko apaingarriak eskatzen hasi ziren, lanparak, mahaiak edota bestelako altzariak... eta baita eskulturak ere.

Batak bestera eramaten du, artearen mundura, alegia. Mugan horretan nola mugitu zara?

Behin mahai bat egiten ari zarela, oinetan eskultura txikiak egiten hasten zara, edo lanpara batean dragoiak... eskultura aplikatua da, nolabait izateko. Behin gaiari buruzko hitzaldi bat eman nuen, eta Erabilgarritasunetik edertasunera izena eman nion. Aizto bat egin dezaket, eta erabilgarri behar du, baina apaindurak ere izan ditzake. Burdin-sareetan, berdin. Errenazimentuaren garaian egiten zen moduan. Nik burdinazko hainbat piezen bilduma egin dut, eta ikusi dut sarritan sarraila baten atzeko aldean, ikusten ez den toki batean, marrazkiak agertzen direla... logotipo edo sinadura baten moduan.

Ea, urbanita baten galdera doakizu orain. Askotan erre al zara suarekin?

Ikasleei beti eskularruak erabiltzeko eskatu diet, baina aitortuko dizut ere nik bizitza osoan esku hutsez egin dudala lan; eta, beitu, hona hemen nire bi eskuak, onik. Behin batek txantxan zera esan zuen: sutegi batean Kristo bat ikusten baduzu, egin behar duzun lehen gauza da horri txu egitea, bero ote dagoen jakin ahal izateko. Lehen segurtasun neurria da lurrean botata dagoen edozein kontu ez ukitzea, eta dagoen aldea beti lurrera begira jartzea. Burdinoletan, berriz, arrisku handiagoa zegoen erretzeko, kilo asko pisatzen zuten piezak labetik atera behar zituztelako, eta horregatik arropa berezia jantzi behar zuten.

Seguruenera gustuak ere aldatu dira urte hauetan guztietan, ezta?

Bai, lan egiteko modua aldatzen joan da. Lehen burdina txukun uzten saiatzen ginen, lisoa, kalibre zehatzekoa eta inolako irregulartasunik gabekoa. Baina gero kontrakoa gertatu zen: burdina hain txukun zetorren ezen mailuka eraldatu behar genuen, benetako forja baten itxura emateko, kontuari gatz pixka bat edo emateko. Denborarekin, estilo hori indartu zen: landa itxurako moda, errustikoa, eta kolpez bete behar genuen guztia, benetan baserrikoa emateko. 

Beste metal batzuekin lan egiten saiatu al zara?

Bai. Kexaako Adatseko Andre Mariaren bi erreplika egin ditut. Jatorrizkoa, XIV. mendekoa, urrezkoa eta zilarrezkoa da, eta erreplikak, berriz, zilar eta letoizkoak, urrezko bainu batekin. Bederatzi hilabete eman nituen komentuan erreplika bat egiten, Kexaan bertan erreplika hori erakusteko aukera izan zezaten, jatorrizkoa ondo gordeta. Eta lan gogorra izan zen. Hain izan zen astuna, ezen ezkondu nintzen egunean, Kexaan bertan, esan bainuen inoiz ez nukeela horrelako beste erreplika bat egingo. Bada, ezkontza bidaian nengoela, Diputaziotik deia jaso nuen. Juan Pablo II.a Loiolara bisitan etorri behar zela esan zidaten, eta galdetu zidaten ea beste erreplika bat egiteko prest ote nengoen, lehenengoa Aita Santuari oparitzeko. Noski, nire hitzak jan eta bigarren erreplika hori egin behar izan nuen.

Vatikanora joan behar izan gabe, zure beste lan batzuk  ikusgai daude hainbat herritan...

Kuriosoa da, baina, mapa batean nire lanak jarriz gero, konturatuko zara badagoela 30 kilometroko ibilbide bat non 30 bat eskultura azaltzen diren. Amurrioko San Pedro mendian dago lehena, duela 50 urte inguru egindakoa. Hortik hasita, ibilbideak Arespalditza, Lanteno, Artziniega eta Balmaseda zeharkatzen ditu, Sopuertan bukatu arte. Ez da nahita egindako ibilbide bat, txiripaz atera den marra bat baizik, baina horrela geratu da kontua. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide