Tubacexek 500 langile kaleratuko ditu, nazioarteko plantilla osoaren %20a

Erredakzioa 2020ko uzt. 21a, 10:50

Tubacexek 800 langile ditu Laudioko eta Amurrioko lantegietan. / ZARATEMAN

Tubacexek 500 langile (plantillaren %20a) kaleratuko dituela iragarri du, krisia gainditzeko urtean 25 milioi euro aurreztu behar dituelako. Oraindik ez du zehaztu nola eragingo dien Laudioko eta Amurrioko lantegietako 800 langileei.

Konpainiaren azken memorian aitortutako 2.553 langileen -1.103 Espainian- %20 kaleratuko dituela iragarri du Tubacex enpresak astearte honetan; hau da, mundu osoan dituen 16 ekoizpen zentroetako 500 langile inguru utziko ditu kalean.

Araban, Laudioko eta Amurrioko lantegietan 800 langile daude, Tubacexen plantilla osoaren %30 baino gehiago. Plantillaren %20ko murrizketa lantoki guztietan modu parekatuan ezarriko balitz, 160 langileren kaleratzea suposatu lezake Aiaraldeko lantokietan; hala ere, oraindik ez dago horren inguruko datu ofizialik. Gaur egun, langileen %50 aldi baterako lan erregulazio espedientean (ABLEE) dago.

Enpresak azaldu duenez, murrizketak talde osoari eragingo dio, nazioarte mailan, baina ez du zehaztu zer neurritan eragingo dien EAEko instalazioei, hau da, Laudioko eta Amurrioko fabrikei, eta baita Bizkaiko Teknologia Parkean dituen bulegoei ere.

25 milioi euroko murrizketa

2021ean 25 milioi euroko murrizketa lortzea da iragarritako neurrien helburu nagusia, eta zuzendaritza-taldearen soldaten murrizketa ere hartu du bere gain. Tubacexeko kontseilari delegatu Jesus Esmorisek duela aste gutxi iragarri zuen enpresak "murrizketa garrantzitsu bat" egin beharko zuela krisia larriagotzen bazen, merkatuetan izandako beherakadaren ondorioz.

Enpresak azaldu duenez, egoera ekonomikoa nabarmen okertu egin da Covid-19aren ondorioz, eta salmenten "geldialdia" eragin du hainbat urteko perspektiban. 2020ko lehen hiruhilekoa 1,6 milioi euroko galerekin amaitu du Tubacexek.

"Ezin da etengabe bizi aldi baterako lan erregulazio espediente (ABLEE) batean", adierazi du enpresako zuzendariak. Enpresak azaldu du murrizketarekin "enplegu gehiena salbatu" nahi dutela.

Nazioarteko merkatua

Altzairu herdoilgaitzezko soldadurarik gabeko hodiak ekoizten ditu Tubacexek, batez ere petrolioaren erauzketaren merkatura zuzenduta, baita energia ekoizteko eta produktu kimikoak prozesatzeko instalazioetara ere.

Halaber, nazioartekotze-estrategia bat jarraituko duela berretsi du; izan ere, herrialde batzuek ekoizpen nazionala egotea exijitzen dute hodien eskaerak esleitzeko.

Asteazkenean bilera enpresa batzordeekin

LAB sindikatuak ohar bidez ohartarazi du ez duela Tubacexen kaleratzerik onartuko, ezta "langileen eskubide galera edo murrizketarik ekarriko duen akordiorik" ere. Sindikatuak azaldu duen bezala, asteazken honetan Amurrio eta Laudioko lantegietako enpresa batzordeekin duen bilerara "itxaron gabe" izan dute gaur kaleratzeen berri.

Enpresari leporatu diote kaleratzeak "langileen kostuak jaitsi beharrarekin justifikatu" eta "Covid-19ak sortutako egoeraz baliatu" izana. Izan ere, LABen arabera, enpresaren egoera ekonomikoa "nahikoa ona da lantegien etorkizuna bermatu ahal izateko", eta ziurtatu dute inolako berregituraketa prozesurik ez dela beharrezkoa: "Argi dago berregituraketa honek enpresaren estrategiari erantzuten diola eta ez arrazoi ekonomikoei".

"Albiste txar gehiago" zerumugan

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapiaren esanetan, Tubacexen albiste txarrari "oso errealistak izanda aurre egin behar zaio", eta "albiste txar gehiago" iragarri ditu.

Bestalde, LABek dei egin dio Eusko Jaurlaritzari berma dezala Tubacexek ez duela enplegurik suntsituko, eta eskualdeko lantegietako lan baldintzak berma daitezela eskatu du.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago