Aresketa Ikastolak ekitaldia egin du igande goizean, Amurrioko Guk parkean; izan ere, ekainaren 14an ospatzekoa zen jaialdia, baina aurtengo edizioa urriaren 18an izango da azkenean. Abestia eta bideoklipa aurkeztu dituzte bertan.
Araba Euskaraz honen leloa Darabagu da, eta baita abestiaren izenburua ere. Egoitz Uriarte, Enric Gomez, Dani Lamperez, Victor Sanchez eta Igon Olaguenaga izan dira musikaren sortzaileak; ahotsak, Sabin Guaresti, Aiala Mendieta, Maria Amolategi, Xabi Solano, Iñaki Otxandorena Moro eta Aresketa ikastolako ikasleen eskutik.
Juanjo Respaldizak, Iñaki Otxandorena Morok eta Igon Olaguenagak letra jarri diote; Olaguenagaren esku gelditu da, halaber, konposizioa eta ekoizpena. Victor Sanchez ibili da teknikari lanetan, eta koreografiari dagokionez, Andere Morillo, Ainhize Solaun Mendiguren eta Gorka Blazquez aritu dira.
Aurkezpen ekitaldiaren edukiera mugatua izan da, segurtasun eta osasun irizpideak bermatzeko. Youtubeko kanalean streaming bidezko emisioa egin dute, eta Porrotxek, Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak eta abestiaren sortzaileek hartu dute hitza, besteak beste.