Ekainaren 14an ospatzekoa zen aurtengo Araba Euskaraz, baina Covid-19ak eragindako osasun krisiak Amurrioko jaialdia atzeratzea bultzatu du. Azkenik, urriaren 18an egingo da 2020ko Araba Euskaraz, Darabagu lelopean.
Arabako ikastolen festarekin batera, Euskal Herriko ikastolen beste jaialdi nagusi gehienek ere udazkenean topatu dute ospatzeko aukera: Iparraldeko Herri Urrats irailaren 20an ospatuko da; Gipuzkoako Kilometroak urriaren 4an; eta urriaren 18an, Bizkaiko Ibilaldia, Araba Euskarazen egun berean.
Nafarroari dagokionez, ordea, Nafarroa Oinez bertan behera uztea erabaki dute.
"Udazkenean, udaberri berri bat"
Duela aste batzuk, ikastolen udaberriko jaiak atzeratu egingo zituela iragarri zuen Ikastolen Elkarteak. Asteotan, udazkenean egiteko aukera aztertzen eta datak bilatzen aritu dira jai guztietako antolatzaileak, elkarlanean.
Asteazken goizean bideokonferentziaz egindako agerraldian, Elkarteko lehendakari Koldo Tellituk azaldu du daten egokitasuna, helburuak betetzeko ahalmena eta udazkenerako aurreikuspenak aztertu dituztela; horren ostean, ikastolen aldeko jaiak udazkenean ospatzea erabaki dute.
"Datak gerturatu ahala, ikusiko dugu aurrera egin dezakegun, edo atzera egin beharko dugun; baina, gaur-gaurkoz, determinazio osoa dugu jaiak ospatzeko", adierazi du Tellituk. "Ardura eta erantzukizunez" jokatuko dutela, eta osasuna bermatzeko "baldintza guztiak" ezarriko dituztela ziurtatu du.
Jai horiek "jai hutsak" ez direla ziurtatu du Ikastolen Elkarteak, harago doazen "helburu ugari" dituztelako: besteak beste, auzolana, eragileen artean harremanak, euskal kultura plazaratzea eta euskarari bozgorailua jartzea aipatu ditu. Eta, noski, "hainbat proiektu aurrera ateratzeko finantzaketa" ere.
Azkenik, ezohiko jaiak izango direla argitu dute ikastolek: "Ez dira orain arte ezagutu ditugunen modukoak izango. Ezohiko egoera batean gaude, eta erabakiak hartzea erraza ez den arren, gure jaiak berrasmatzen ari gara", azaldu dute.