Ekainaren 14an ospatu behar zuten Amurrion aurtengo Araba Euskaraz. Osasun krisiak, ordea, bertan behera utzi ditu udaberriko egitasmo gehienak eta Arabako ikastolen festa nagusia ere atzeratzea erabaki dute antolatzaileek. "Oraindik erabaki ez badugu ere, litekeena da udazkenean ospatzea", adierazi dio ALEAri Araba Euskarazen koordinatzaile Angel Olaldek.
Euskal Herriko ikastolen jaialdi guztietako ordezkariak astelehenean elkartuko dira, eta orduan erabakiko dituzte guztien data berriak. "Uste dut uztaila gertuegi dagoela, eta ziurrenik udazkenera atzeratu beharko da". Ekainerako programazio guztia lotuta zegoela gogoratu du Olaldek, eta horiek berriz ere antolatzeko lanak izango dituzte hurrengo asteetan.