Koronabirusak ere aztoratu du baserritarren egunerokoa, eta behar berrietara egokitzera bultzatu ditu horietako asko. Konfinamenduarekin hainbat azoka plaza galdu ditu Leire Ibarrola gaztagileak (Izoria, 1973) eta zuzeneko salmenta indartzeko apustua egin du. Joan den asteko debekuaren ostean, berriz Gasteizko Santa Barbara plazara bueltatuko da ostegunean, geratzen zaion saltoki bakarrenetakora, eta horrekin batera etxez etxeko banaketa izango du behar nagusia egun hauetan.
Azkenik atzera egin du Eusko Jaurlaritzak eta Gasteizko Udalak baimendu egin du asteroko azoka. Berriz ere Santa Barbara plazan izango zara ostegun eta larunbatetan?
Bai, dudarik gabe guretzat arnasbide bat da azoka. Ez da lehen mugitzen zen jendea izaten merkatuan, baina gutxieneko salmenta bat izateko garrantzitsua da. Momentuz, beste azokekin zer gertatuko den zain gaude, Laudio edota Urduñarekin esaterako, udal bakoitzaren araberako erabakia delako, baina behintzat Gasteizkoa izatea albiste pozgarria da. Joan den astean debekuaren albistea jaso genuenean sinetsi ezinik ibili ginen, ez genuen ulertzen, eta, antza, atzera egin dute.
"Dudarik gabe arnasbide bat da guretzat Gasteizko Santa Barbara plazako azoka"
Beharrezko distantzia eta higiene-neurriak hartzen dituzue azokan, ezta?
Lehendik ere zorrotz betetzen genituen. Are gehiago, eskatzen zigutena baino neurri gehiago nire kasuan; saltokiaren aurrean hutsik dauden mahai batzuk ditut, tartean espazioa eta iladak ondo zehaztuta, nire maskara, eskularru eta plastikozko amantalarekin batera. Eta erosketa bat egin eta ordaintzen den bakoitzean baskula garbitzen dut. Oso zorrotza naiz horrekin. Gainera, jendea ere ez da lehen bezala gerturatzen, beraz ez dago inolako pilaketarik.
Osasun krisi honek nola eragin du zuen eguneroko lanean?
Gure baserriko lana ez da aldatu egunerokoan. Naturak bere bidea egiten jarraitzen du. Ardiek erditzen jarraitzen dute, gau eta egun jezten ditugu, eta Idiazabal gazta denboraldi bete-betean gaude; urtarrilean hasi ginen gazta egiten eta abuztura arte jarraituko dugu, betiere esnea eta bazkaren arabera. Alde horretatik, gure lanarekin jarraitzen dugu anaiak eta biok. Noski, salmentei dagokienez, erabat aldatu zaigu egoera, eta ikusiko dugu nola egiten diogun aurre honi. Orain arte ez genuen ia zuzeneko salmentarik egiten, eta orain berriz horri eman diogu bultzada nagusia. Esfortzu handia da, lehenik eta behin jendeak jakin behar duelako zerbitzu hori eskaintzen dugula, ezagutu behar gaitu, eta gero hori antolatu beharra dago. Egoera honen aurretik inguruko azoka guztiak egiten genituen, eta baita urtean zehar antolatutako jaialdiak ere; garai hauetan Kuartangoko Perretxiko azoka edo San Prudentzio jaiak... Horiek denak bertan behera geratu zaizkigu eta bide berriak bilatzen ari gara.
Telefonoz antolatzen dituzu enkarguak?
Bai, sare sozialen bidez antolatzen ari naiz gazta banatzeko, watsappez batez ere. Facebook eta Instagram bitartez ere heldu zait erosleren bat, baita Euskal Herritik kanpokoa ere; koronabirusak mundu digitalean egunean jartzera behartu gaitu, eta imaginatzen ez genuen moduan saltzera. Orain enkarguak jaso, poltsak prestatu eta Google Mapsekin hara eta hona ibiltzen naiz. Nahi duenarentzat eskura dauka 675 84 16 20 telefonoaren bidez edo leireibarrola@hotmail.com helbidean. Aiaraldean mugitzen gara, batik bat, baina beste leku batzuetan ere egin ditugu mandatuak. Gastuak ordaintzeko ez da nahikoa izango zuzeneko salmenta hau, baina behintzat zulo hau salbatzeko balio badu...
Bisita gidatuak ere antolatzen zenituzten lehen.
Eta horiek ere bertan behera geratu dira, noski. Hain justu, Jose Pizarro sukaldari ezagunak egin behar zuen bisita egun hauetan. Ikastoletatik, barnetegietatik, elkarte desberdinetatik, herrialde desberdinetatik,... garai ona izaten zen hau bisitak jasotzeko. Mundu guztitik heldu dira Izoriara, eta mundu guztiari gustatu zaio, paisaia izugarri ederra dugulako. Bisitarien arreta deitzen duten egurrezko erlauntza bereziak ere ikus daitezke gurean, eta gure eztia ere probatu daiteke noski. 200 bat erlauntza ditugu, egun hauetan jarduera betean daudenak.
"Debekuaren albistea jaso genuenean sinetsi ezinik ibili ginen, ez genuen ulertzen"
Gaztak ere desberdinak egiten dituzu, ezta?
Idiazabal gaztarekin batera, Gaztatxuria izeneko eguneko gazta freskoa egiten dugu, eta niretzat beharbada bereziena den Otzara gazta; zapaldu gabeko gazta bat da hau, artzainek etxolan egiten zutena. Guri amak erakutsi zigun, eta birraitonak ere egiten zuen, horregatik oso berezia da guretzat; maneiatzeko oso delikatua da, esne zapore oso berezia duena eta krematsua, gazia eta eta gozoarekin ondo elkartu daitekeena. Amak, neskatila zela, Urduñako azokara eramaten zuen; aza hostoekin bildu eta mandoan eramaten zituzten inguruko azoka garrantzitsuenera, larunbatetan egiten zuten azokara.
World Cheese Awards-etan saria jaso zenuten.
2014an izan zen, zilarrezko domina, eta sorpresa izan zen. Halere, guretzat sari nagusiena bezeroek gure gaztarekin disfrutatzea da, eta urtez urte hozkailua hustea.
Produktua gal dezakezue itxialdi honekin?
Orain esne produkzioa batez ere Idiazabal gazta egiteko erabiltzen dut; 500 ardi ditut, beraz pentsa zenbat gazta den... Urte eta erdi izaten da horren kontsumorako, eta hozkailuan denbora luze egon daiteke, baina, noski, orain jaten ez dena ez da gero dena batera salduko. Gazta freskoa, berriz, enkarguen arabera egiten dut; gutxi bada ere, bezeroak ondo zaindu behar ditut.
Itxialdia nola bizi duzue herrian?
Izorian ondo eramaten dugu, egia esan, ez da hirian izan daitekeen aldaketa nabarmenik egunerokoan. Tabernarik ez du herriak kar kar, eta beraz jendea biltzeko aukera handiegirik ere ez da... Gainera guk goizean eta arratsaldean jezten ditugu ardiak, eta beraien joan-etorriarekin haizea hartzeko aukera badugu behintzat.