Laudioko bizilagunaren lan heriotza salatu dute

Erredakzioa 2020ko ots. 5a, 09:40
Ehunka lagun bildu dira Laudioko Herriko plazan. / Argazkia: Aiaraldea.eus

Ehunka lagunek elkarretaratzea egin dute Laudioko Herriko plazan, "Prekarietatea hiltzailea" lelopean. Pieza bat gainera erorita hil zen astelehenean 40 urteko laudioarra, Galdakaoko GHI enpresan.

Elkarretaratzean elkartasuna eta babesa adierazi dizkiete hildako beharginaren senide eta lagunei. Mobilizazioaren amaieran, Santurtziko ontziolan astearte arratsaldean jazotako lan heriotza izan dute gogoan.

Urteko hamaikagarren lan heriotza

Ezbeharra otsailaren 3ko arratsaldeko hirurak pasata gertatu zen Galdakaoko GHI Hornos Industriales enpresan. Osalan Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak jakinarazi duenez, langilea bere lanaldia betetzen ari zela, pieza bat gainera erori zitzaion eta momentuan bertan zendu zen jasandako zaurien eraginez.

Zerbitzu medikuak bertaratu zirenerako, heriotza baieztatzea besterik ezin izan zuten egin. Istripuaren arrazoiak argitzeko azterketa lanak abiatu dituzte geroztik.

2020an Euskal Herrian ematen den hamaikagarren lan heriotza izan da Laudiokoa, LAB sindikatuaren arabera. Hala, atzo Santurtzin gertatutakoa hamabigarrena izango litzateke.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide