Manifestazio jendetsuak egin dituzte eguerdian Tubacex enpresako langileek, atzo Laudioko lantegian jazotako lan-heriotza salatzeko. Lantegian mantenimendu lanak egiten ari zen hogeita lau urteko langileari pieza bat gainera erori zitzaion, eta bertan hil zen.
Enpresa batzordeak senitartekoei doluminak eman dizkio, eta istripua ikertzea eta gertatutakoaren arrazoiak eta erantzukizunak argitzeko exijitu du. Gaineratu dutenez, enpresan dagoen prekarietatearen ondorioz hil da gaztea: "Tubacexeko zuzendaritza da langileren heriotzaren arduraduna". Langile berria izanik, lanpostuan lagundurik egon behar zuela azpimarratu dute, eta bitarteko eta trebakuntza falta salatu ditu enpresa batzordeak.
Atzoko hildakoarekin hiru dira azken bederatzi urteetan Tubacex enpresan lan-istriputan hil diren beharginak. Aurten, gainera, 26 pertsona hil dira lan istripu baten ondorioz Hego Euskal Herrian, hiru Araban.