Urteak daramatza Josune Irabien (Amurrio, 1970) jeltzaleak politikagintzan. 2003tik 2007ra bitartean Arabako batzarkidea izan zen, eta 2007tik 2011ra Aiaraldeko Kuadrillan ibili ostean, 2011ko ekainaren 11n hartu zuen Amurrioko alkatetza, Pablo Isasi ordezkatuz. Bere burua oraindik ere "indartsu" ikusten duenez, hautagaitza aurkeztu du hirugarrenez.
Zortzi urte daramatzazu Amurrioko alkate izaten. Nola baloratzen dituzu?
Ez dira errazak izan. Aldaketa momentua izan da. Sartu ginenean krisialdia puri-purian zegoen eta horrek eragin zuzena izan zuen erakundeetan. Bestetik, aldaketa normatiboak ere egon dira nonahi, administrazio publikoak fiskalizatzeko, eta horrek eraman gaitu administrazioa motelago aritzera. Krisialdia dela eta, bere momentuan pentsatu genuen momentu egokia zela administrazio barruan aldaketak egiteko, eta berrantolatzen ibili gara: tramiteen gida liburua dago, batetik; eta herritarren arreta zerbitzua, bestetik. Horrekin lotuta, parte-hartzea garatu dugu urteotan. Laburbilduz, kanpora begira begi bistan dauden proiektuak garatzeaz gain, ikusten ez direnak baina beharrezkoak direnak ere egin ditugu, eta azken horiek ezinbestekoak dira barneko funtzionamenduan aritzeko.
Arlo politikoan, nolako legealdia izan da azken hau?
Zaila, bai amaitzear dagoena eta baita aurrekoa ere. Azken honetan sei talde izan gara, eta hori kudeatzea ez da erraza, jakinda ez dugula gehiengorik. Zentzu horretan, saiatu gara arloko batzordeak zabaltzen.
Elkarlanik egon da gainerako alderdi politikoekin?
Elkarrizketa oso ohikoa izan da, eta bada egun ere. Zailtasunak zailtasun, elkarlana nahiko ona izan da. Gai konkretu batzuekin ez dugu arazorik izan; aurrekontuetan, esaterako, emendakinak aurkeztu dira eta kopuru handia onartu izan da guztien artean. Saiatu gara, gainera, guztiokin batera lortzen adostasuna. Hori da, hain justu, demokrazia baten oinarria. Gu ere oposizioan egon gara, eta orduan ikasi genuen, herriaren ordezkaria zaren heinean, erantzukizuna duzula.
Hurrengo legealdira begira, dinamika berdinarekin jarraitzeko asmoa duzue?
Politikagintzan ibili behar duzu indartsu zauden eta ideiak dituzun bitartean, eta nik uste dut oraindik ere Amurrio kalitate oneko herria bada ere, beti daudela gauzak egiteko. Une honetan ideiak daude garatzeko, eta datozen urteei begira, jarraitu behar dugu administrazioa berrantolatzen; esaterako, eguneroko zein barruko funtzionamenduko tramiteak sinplifikatu behar dira eta horren bueltan badago proiektutxo bat. Arlo estrategikoei dagokionez, badaude hainbat gabezi guri dagozkigunak zein beste administrazio baten eskuetan daudenak; saneamenduarena, adibidez, ez dagokigu guri, baina kezkatzen gaitu eta bultzatuko dugu. Horrez gain, helduentzako eguneko zentro berria sustatuko dugu, gasolindegi inguruan biribilgunea egiteko proiektua dago, aparkaleku berriak egitea institutu inguruan eta erdialdean, Mugiment proiektua, Nerbioiko parke linea hegoalderantz zabaltzea. Proiektu asko ditugu esku artean.
Diputazioari dagokionez, nolakoa izan da harremana? Amurrio Gasteiztik 40 kilometrora pasatxo badago ere, gertutasunik ba al dago?
Aiaraldean krisialdiarekin ikasi duguna da udal moduan proiektu bat aurrera ateratzeko aukera ez baduzu, ez duela merezi. Lehen, alde ekonomikoari begira, Aldundia eta Jaurlaritza lagungarriak ziren hainbat egitasmo bultzatzerakoan. Fase hori gaindituta dago, eta egun, elkarlana ez dator arlo ekonomikotik. Horrekin lotuta, esfortzu handia egin da Aldundiaren aldetik eskualde mailan hainbat proiektu erakargarri egiteko: euskara teknikarien sarea, adibidez.
Diputazioari dagokio Saratxoko saihesbidearen proiektua. Obrak hastear daude, baina proiektuak ez du guztien oniritzia; tartean, Saratxo Bizirik dago. Zer dio Udalak horren inguruan?
Hasierako proiektua ziurrenik ez da guztion gustukoa, baina beharrezkoa da zerbait egitea; beharra handitu da urteekin. Saihesbidearen proiektu barruan badago arazoak sortu dituen Hego lotura, oso hedakorra delako. Hainbat erakunde ibili gara horrekin, hori txikitu nahian: Saratxoko herri batzarra, alderdi politiko batzuk, Udala bera. Baina Diputaziotik azaldu dute segurtasunaren ikuspuntutik ondoen dagoena dela. Eta horrekin ezin izan dugu ezer egin. Ez da erraza izan kudeatzeko. Saratxo herriak behar zuen bestelako erantzun bat, baina momentu jakin batean ikusi da beharra dagoela. Egungo errepideak dituen zailtasunak, segurtasun ikuspuntu batetik, oso nabariak dira. Saiatuko gara lana osatzen den bitartean ekidin daitezkeen afekzioak txikitzen.
Krisia aipatu duzu hasieran. Nolakoa da udalerriko egungo egoera ekonomikoa?
Aiaraldeak duen egoera ez da gozoa. Gainerakoetan, langabezia beherantz badoa, gurean gora doa. Amurriokoa %14koa da. Horren aurrean, udal lan behategi bat egiten ari gara. Une honetan, diagnosiarekin gaude; bereziki, langabetuen profiletan nahi dugu arreta jarri. Bertako enpresetako lan mota aztertzearekin batera, zerbitzuetakoa eta lehen sektorearena ere ikertzen gabiltza. Gure papera da katastrofista ez izatea eta, ahal den neurrian, neurriak aztertzea eta martxan jartzea. Diagnosia egin ostean, botika bilatu nahi dugu; estrategia zehatza osatu behar dugu datozen hilabeteotan.
Bestalde, zer giro dago Amurrion? Batetik, Alfredo Remirez eta Julen Ibarrolaren espetxe zigorrak daude; bestetik, ezker abertzaleko familia baten baserriaren kontra tiro egin zuen polizia nazional ohia dago. Eta hori gutxi balitz, VOX taldeko Santiago Abascal ere Amurrion jaio zen…
Bata bestearen atzetik suertatu da eta udalerrian zerbait gertatzen ari dela ematen du. Baina, bakoitzak badu bere azalpena eta konnotazioa. Julen eta Alfredoren kasuan, eskubideen urraketa bat egon da; oso begi bistakoa izan da eta salatzeko modukoak dira. Tiroketarena oso larria izan da; zoritxarrez, gertatu da. Eta Abascali buruz, zer egin dugu guk horrelako pertsona bat Amurriokoa izateko? Nik ez dut identifikatzen Amurriorekin, ez du zerikusirik hemengo gizarte planteamenduarekin. Guzti honen aurrean, etapa berri bat zabaldu behar dugu.
Espainiako hauteskundeak ate-joka daude. Nola ikusten duzu panorama? Arduratuta zaude?
Soziologikoki Euskadin eta Espainian gertatzen dena erabat ezberdina da. Baina egia da gure ordezkariak hara doazela, eta hango giroa pairatuko dutela. Egia esan, Espainia inboluzio batean dago murgilduta; gizartea nazka eginda dago. Nahiko nahastuta dago guztia. Gainera, demokrazia behin baino gehiagotan jokoan egon da; hain justu, oinarrizko gauza batzuk zaindu ez direlako. Gizarte aurreratu batean kritikak egotea ona da, baina helburua galdu gabe. Kataluniako auzia oso gaizki kudeatu da, korrupzioa, justizia ere beste botere batzuetan sartu da… Zoritxarrez, Euskadin baditugu oraindik ere hainbat elementu gure gainetik daudenak eta gurean eragin zuzena dutenak: arauak, tartean. Eta Espainiara jo behar dugu. Euskadi mailan, hauteskundeak eragina izan dezakete; baina, espero dut oso handia ez izatea.
Europako hauteskundeak ere tartean daude. EAJ ez da PdeCATekin aurkeztuko. Ze eragin eduki dezake erabaki horrek?
Helburuei begira, gauza bera da: Europan egotea ezinbestekoa da. Ez dut asko baloratu nahi erabaki puntual hori, errespetatuko dut. Nik neurea propioa ere badut. Baina uste dut inportanteena dela bertan egotea; oso txikiak gara besteen artean, baina Euskadiko ahotsa hor egotea beharrezkoa da.
Udal hauteskundeei begira, euskara agenda politikoan sartzeko Ez we cant kanpaina jarri dute martxan eskualde mailan….
Bai, hala da. Kritikoa naiz, neurri batean, agian lehenago egin behar zelako. Baina beharrezkoak dira horrelako kanpainak. Alderdi batzuei agenda barruan baldin badute, gehiago kostatzen zaie, eta horrelako neurriek animatzen edo behartzen zaituzte. Euskara gure agenda politikoan egotea bermatzen dugu modu horretan. Baina, esandakoa, kontua ez da programan bakarrik eramatea, errotuta izatea baizik, eta horretarako aurretik egin beharreko zerbait zen.
Amaitu aurretik, nola ikusi nahiko zenuke Amurrio, lau urte barru?
Nahiko nuke amurrioarrok harro sentitzea Amurriokoak garelako. Harro sentitu behar dugu herriarekin, daukagunarekin, gure historiarekin eta identitatearekin… eta hori ere landu behar dugu, bestela bihotzik gabeko gizarte batean bihurtzen garelako.