Ez dute Lezeagako sorgina erreko

Erredakzioa 2019ko ots. 20a, 11:31
Lezeagako sorgina Laudioko Inauterietan @LaudiokoJaiakK

Ohitura aldatuz, sorginak omenduko dituzte.

Lezeagako sorgina da Laudioko inauterietan protagonista eta ohiturari jarraituz, urtero su ematen diote inauteri asteartean. Aurtengoan aldiz, sugarretatik alde egin eta usadioak beste izaera bat hartuko du.

Berdintasunaren eta gizarte parekide baten aldeko urratsa eman nahi izan du Laudioko Udalak eta panpinari su eman ordez, aurtengoan omenaldia egingo diote pertsonaiari.

Udaleko Kultura eta Berdintasun sailek elkarlanean prestatu dute ekimena eta Amets Meatza zinegotziak Aiaraldea.eus-i azaldu dionez "garai bateko feministak” zirela aitortu eta  “jai eredu parekideak sortzera bideratuta dago planteatutako ekintza berria”.

Itxarkundia dantza taldeak parte hartuko du ekitaldian eta Xabi Solanoren Erre zenituzten abestiaren koreografia egingo dute dantza taldeko kideek sorginaren panpinaren aurrean.

Amurrioko aurrekaria

2017an zalaparta sortu zen Amurrion, San Juan bezperako ospakizunetan erretzen zen sorgin irudiko panpina "bahitu" zutelako. Otsemeak talde feministak protesta modura burutu zuen ekintza eta beraien aldarrikapena publiko egin zuten: “ez dugu onartuko beste urte batez ere sorginak, emakumeak, herritarron aurrean inkisizioaren garaietan bezala plaza erdian erretzea”.

Ondorengo urtean sorgina erretzeari utzi zioten eta horren ordez, kontzeptu ezberdinak (intolerantzia, beldurra, nagikeria...) irudikatzen dituen paper eta kartoizko egitura erre zuten.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide