Igandean, goizeko zortziak aldera, atera zen Basauriko espetxetik Julen Ibarrola; Amurrioko sarreran dozenaka senide, lagun eta herritar elkartu ziren Ibarrolari lehen harrera egiteko. 13:00ean, berriz, ekitaldi bat egin zuten herriko kioskoan. Errotuladore batekin pintaketa bat egitea egotzita, urtebeteko zigorra osorik bete behar izan du Julen Ibarrola gazte amurriarrak. "Terrorismoa goratzea" egotzi baitzion Espainiako Auzitegi Nazionalak.
Ibarrolak "Julen Libre" plataformak egindako lana goraipatu du ongi-etorrian, eta Galder Barbado Bonillari elkartasuna eta besarkada beroa helarazi dio.
Bera espetxeratzeko arrazoi nagusia "mendekua" zela salatu zuen espetxera sartu aurretik Ibarrolak: "Nirea ez da kasualitatea ezta kasu isolatu bat, guzti hau estatu faxista baten katearen katebegi bat soilik da".