Bizitzako ibilibide honetan erronkak gure egunerokoaren parte dira. Oraingoan berriz, erronka zirraragarri bat daukagu gure artean; EUSKARALDIA hain zuzen ere. Hamaika egun hauetan zer izango nintzen aukeratzea, erraza izan zen niretzat. Ahobizi naiz!
Amets Arzallusen bertsoak dioen bezala, eskerrak eman nahi dizkiet haurra nintzela euskaraz irakatsi zidatenei. Mila esker bihotz-bihotzez!
Geroztik, ahal dudan guztietan EUSKARAZ bizi naiz; familian, lagun eta kide artean zein lanean. Horrez gain, euskararekiko lotura duen guztiak erakartzen nau: musikak, kirolak, telebistak, aisialdiak… Niretzat euskara dena da!
Beraz, honegatik guztiarengatik eta ziur nago arrazoi gehiagorengatik hamaika egun hauetan aho bizi izatearen erronkari hasiera eman diot ilusio, gogo eta motibazio handiz. Ikastolan zein herrian egindako ekintzetan eta Euskaraldiari hasiera emateko egindako jaietan parte hartu izan dut. Hauetan, mila bizipen, mila sentimendu goxo bizi izan ditut. Une hauetan guztietan pentsatzean, arrakastaren emozioa garaile izan dela esan behar dut.
Baina hau hasiera besterik ez da izan, orain berriz, aurrekoan esan dudan bezala, egunerokoan barneratu eta ezezagunei lehen hitza behintzat euskaraz izan dadila beti. Hauxe da nire erronka! Erraza ez izan arren, lortuko dut, lortuko dugu!
Garenaz harro, naizenaz harro! 365 egun euskaraz!
Hartu arbasoen ohitura zaharrak, piztu haurren barneko izarrak!