Gure bazterrak

Añes, haitz azpiko bidearen lekuko

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2020ko abu. 16a, 10:00

Ziurrenik Aiarako lehen eremu populatua Añes inguruan egon zen; hala adierazten dute bederen Goiko Landetako eremuan aurkitu zituzten historiaurreko aztarna ugariek.

Herriko plazan aurkituko dugun argibide-taulan jasotzen denez, gerorago, X. mendean, Euskal Herriko Aiara eta Burgosko Mena haranen artean lotura egiteko eraiki zuten Sopeña Bidearen ondorioz sortu zen egungo herria, eta beraz, bide historiko horri zor dio bere sorrera.

XVIII. mendean, bidearen garrantzia zela eta, Errege Bidea deitu zuten Añes zeharkatzen duen hori. Horrela deitzen zieten bide-azpiegitura oinarrizkoan ezinbestekoak eta nagusiak ziren bideei. Erregeak horien gainean emakida bat egiten zuen, haien indarraldia bermatzeko. Eta "Sopeña"deitura "sopeña"-tar herriei edo, "haitz azpian" kokatutako herriei erreferentzia egiteko sortu zen; Gorobel haitzaren azpian ziren herriei, kasu honetan.

Alta, Kexaan eta Artziniegan ospatzen ziren azoka ospetsuetara mandazainak eta merkatariak eramateko beste bide batzuk garrantzia hartzen hasi ziren, Aiarako Jauntxoaren babesarekin. Hala, XII. eta XIV. mendeetan, Urduña hiria jaiotzearekin batera, Bilbora joaten zen bidea indartu egin zen, eta Sopeñako Errege Bidearen gainbehera etorri zen.

Garai horretan egiten hasi ziren Goldetxoko bidea, Txarlazotik Urduñarantz jaisten dena, eta egungo Urduñako portuko errepidea ere; ireki zituztenean, Sopeñako Erregearen Bidea abandonatu zuten mandazainek. Bidearen gerizpean sortutako herriek, tartean Añesek, merkataritza alorrean garrantzia galdu zuten, eta bidea bera ere ia mapatik desagertu zen; baina, 2011. urtean, Felix Muguruza ikertzailearen ekimenari esker, Arabako Foru Aldundiak 66 kilometroko bidea berreskuratzea eta seinaleztatzea erabaki zuen, Urduña eta Artziniega lotuz.

Kuadrilla: Aiaraldea.

Udalerria: Aiara.  

Biztanleak: 21 (2017ko EUSTATen datuen arabera).

Bitxikeria: Saratxaga familiak Añeseko errota eraberritu du; urtero, jai giroan, errota martxan jartzen dute, irina ehotzeko.

Erlazionatuak

Freskatzeko aukera ugari Araban

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2019 abu 13 Araba

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago