Udarako planak, Araban

Freskatzeko aukera ugari Araban

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2019ko abu. 13a, 07:00

La Pobeda, Lapuebla de Labarcan.

Udaren beroaldiari aurre egiteko ordua iritsi da. Udako igerilekuez gainera, Araba osoan badira bainua hartzeko hamaika toki: urtegiak, errekak, urjauziak, putzuak. Gune xarmagarriak dira; guztion babesa eskatzen dute.

La Poveda. Lapuebla de Labarca. Ebro ibaiaren bazterrean La Pobeda atseden-eremua dago. Bertan, aparkalekuaz gain, argibideen panelak, txikientzako jolas-parkea eta piknik gunea ditugu. Atseden-eremutik gertu, presa txiki bat dago. Ur-kirolak praktikatu daitezke herriko kayak enpresari esker.

 

Rodavieja. Saseta.Ikustekoa da Rodavieja izeneko ur-jauzia, Okina eta Saseta artean, Trebiñun; 8-10 metroko garaiera du, eta putzu handia sortzen du, freskatzeko egokia. Tarte horretan, beste hainbat ur-jauzi daude. Sasetatik seinaleztatua dago.

Oteo errota. Antoñana. Oteoko errotaren ur-jauzia, Sabando ibaian, Antoñanan dago, Mendialdean. Herritik ibilbide bat dago seinaleztatuta. Toki ederra da oinak uretan jarri eta inguruko lasaitasunaz gozatzeko. Gertu dago Aguaque ur-jauzia ere.

Lamioxin urmaela. Izarra. Lamioxin urmaela eta Altubeko ur-jauziak Izarratik hurbil dauden parajeak dira, Urkabustaiz udalerrian. Haritzez, erkametzez eta pagoz betetako baso batek inguratzen du "Lamien osina". Ur geldoetatik Corraladas ibaiaren uren zalapartara hurbildu gaitezke, eta inguru horretan freskatzeko aukera izango dugu.

Zirauntza. Araia.Zirauntza ibaiaren iturburua Euskal Herriko garrantzitsuenetako bat da, eta Aizkorri mendilerroaren karst mendiguneko ur-emariaren jatorria du bertan. Metro gutxira dago presa txiki bat eta bainatzeko aukera.

Argantzungo atseden gunea. Erdi Aroko zubi batek zeharkatzen du Zadorra ibaia, Argantzunen, A-435 errepidean. Inguru horretan dozenaka familia biltzen dira uda partean ibaiak sortzen dituen igerileku naturaletan eta zelaietan gozatzeko.

Espejoko igerileku naturala, Gaubea.Espejo herrian igerileku naturalak daude, Omecillo presaren inguruan. Harrizko mahaiak eta bankuak ditu parkeak, hondartza txiki bat, eta tabernak inguruan. Jende asko biltzen da uda partean.

Areatzako hondartza. Arraia-Maeztun, silize-harrobia zegoen tokian, urmael bat dago, lezka landarez inguratuta; bainatzeko aukera polita dute ur hotzari beldurra ez diotenek. Areatza eta Zekuiano lotzen duen errepidetik hurbildu daiteke.

Zaldibartxo putzua. Sarria. Zaldibartxo putzua Gorbeiako Parke Naturalean dago, Sarria herritik oso gertu, eta Baia ibaian kokatzen da. Kondairen eta misterioen iturri eta, uda partean, inguruko gazteen bainu-leku gogokoena da.

La Toberia ur-jauzia. Andoin. Asparrena udalerrian dago Andoin. Herritik errota zaharrera doan bidea hartuz gero iritsiko gara La Toberia ur-jauzi ederrera. Putzu politak aurkituko ditugu bidean, presa eta urtegi txiki bat ere.

Sobrongo urtegia. Araba eta Burgos artean dagoen urtegia da. Ebroren urbilduak sortzen du, Sobron herrian. Toki ezin hobea da era guztietako ur-kirolak egiteko, eta herritik hurbil dauden igerilekuetan bainu bat hartzeko.

Peñaladros, Añes. Landarez eta zuhaitzez inguratutako gune bat da. Ur-jauzi altua du, sakonera ertaineko putzu batean amaitzen dena. Urak Burgoseko probintzian amildu arren, Arabako mugatik ehunka metrora daude, Kantaurialdeko eskualdeari dagokion Añes herritik gertu.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago