URAk "haserrea" agertu dio Goi-Nerbioi Bizirik elkarteari

Erredakzioa 2017ko urr. 20a, 13:05

Saratxoko isuriaren kariaz herri elkarteak egindako salaketa onargarria ez dela iritzi dio URAk, eta epaitegietara joko duela iradoki du. 

 

URA Uraren Euskal Agentziak bere "haserrea" helarazi dio Goi-Nerbioi Bizirik elkarteari, hedabideetan egindako adierazpenak direla eta.  

Agentziako zuzendari nagusi Ernesto Martinez de Cabredok gutun bat bidali dio elkarteari. Gutun horren arabera, irailean Nerbioi ibaira Saratxoko eremuan izandako isurketa baten haritik, Goi-Nerbioi Bizirik elkarteko eledunek honako salaketa egin zuten hedabideetan: "URAren ageriko ezgaitasuna, kasu hoberenean, edota konplizitatea, txarrenean, isurketaren arduradunarekin". 

Martinez de Cabredok dio URAn "iritzi askatasuna partekatzen" dutela, eta kritikak "pizgarri" izan daitezkeela, baina ezin dutela onartu "oinarririk gabeko edozein salaketa". Cabredok erakunde publikoaren izen ona babestu du:  "Ezin dugu inolaz ere onartu zuzentzen dudan Agentziari leporatzea isurketak egiten dutenekin ados jartzen garela edo laguntzen ditugula. Horrelako jokaerekin nekez mantendu ahal izango dugu gure erakundeen arteko elkarlanerako giro egokirik".  

Horregatik, agentziak ohartarazi du "berarentzat gordetzen duela bere kudeaketaren izen ona eta profesionaltasuna babesteko beharrezkoak ikusten dituen bideak erabiltzeko eskubidea".

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide