Bideozaintza sistema berria "kontrol sozialerako erreminta" dela salatu du GKSk

Erredakzioa 2023ko aza. 20a, 12:00

Dozenaka lagun bildu ziren larunbatean Gasteizen, Kamerak ez! Kontrol soziala borrokatu! lelopean deitutako manifestazioan. Besteak beste, "intimitatearen eta eskubide politikoen urraketa" salatu du Gazte Koordinadora Sozialistak.

Bideozaintzarako kamera inteligenteen ezarpena; udaltzain kopuruaren areagotzea, ekipamenduen berritzea eta Jose Erbina kaleko komisaria berria; pertsonen mugimenduaren monitorizazioa telefonoen seinaleen bidez; OSINT teknikak baliatuz grafitiaren eta grafitigileen "ehiza" eta salaketarako bulego digitala; edota garraio publikoko bideozaintza.

Horiek guztiak "kontrol sozialerako erremintak" direla eta "turismoaren eta hiritarren segurtasunaren aitzakiapean inposatuko" dituztela salatu du Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS), berriki Gasteizen martxan jarri duen kanpainaren testuinguruan. Azaroan zehar, besteak beste, bi hitzaldi antolatu dituzte: Grafitiaren ehiza: gazteriaren kontrol soziala eta kriminalizazioa eta Kontrol soziala eta autoritarismoa XXI. mendean. Zer egin dezakegu?. Horrez gain, zibersegurtasunaren inguruko tailer bat antolatu dute ere.

Joan den larunbatean, azaroaren 18an, Kamerak ez! Kontrol soziala borrokatu! lelopean, manifestazioa egin zuten dozenaka lagunek hiriko erdiguneko zein Alde Zaharreko kaleetatik, 19:00etan Santa Maria Plazatik abiatuta.

Intimitatea eta eskubide politikoak

Azken aldian Gasteizko Udalak "kontrol soziala areagotzeko" martxan jarritako mekanismo horiek udalbatza osatzen duten "alderdi guztien onespenarekin" ezarriko direla kritikatu du GKSk.

"Gizarte kapitalista osoan ematen ari da autoritarismoaren eta kontrol sozialaren areagotzea", ohartarazi dute. "Krisi ekonomikoak desegonkortasun sozial eta politikoa dakar, eta horren aurrean enpresari handiek eta horien zerbitzura dauden politikariek haien posizioa mantentzeko neurriak hartzen dituzte. Hau da: langile klasea mendean mantentzeko baliabideak hobetzen saiatzen dira".

"Horrek guztiak dakarrena, banakoaren intimitatearen urraketa nabarmena izateaz gain, langile klasearen eskubide politikoen urraketa larria da. Teknologia horiek langileriaren jarduna zelatatu eta zigortzeko erabiltzen baitira", salatu dute. "Horren aurrean gazte langileok aurrera pauso bat eman behar dugu, areagotzen ari den kontrol sozialari aurre egin, eta neurri autoritarioen aurka antolatzeko".

Azkenik, "gazte langileon aurkako kriminalizazioarekin eta jazarpenarekin amaitzea" exijitu dute, bai eta "eskubide politikoak borrokatzera" deitu ere.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide