Hamazazpi kamera jarriko dituzte Gasteizko erdigunearen bideozaintzarako

Erredakzioa 2023ko aza. 20a, 19:00

Bideozaintzarako kamera bat, Mateo Moraza kalean. Argazkia: Gasteizko Udala

Gasteizko Udalak Insitel enpresari esleitu dio bideozaintza inteligenterako hamazazpi kameren instalazioa, eta 117.000 euro inguruko inbertsioa egingo du.

Joan den ostiralean, azaroaren 17an, Tokiko Gobernu Batzordeak Insitel - Ingeniería de Sistemas y Telemando enpresa bizkaitarrari esleitu zion Gasteizko erdigunean prestazio altuko 17 kameraren bidez bideozaintza sistema hornitzeko, instalatzeko eta konfiguratzeko kontratua. Guztira zazpi enpresa aurkeztu dira lehiaketara, eta Insitel enpresaren eskaintza izan da irabazlea: 117.102,59 euroko inbertsioa —BEZa barne— eta lau hilabeteko epea.

Udalak ohar batean azaldu duenez, enpresa esleipendunak aurkeztu du balorazio tekniko altuena duen proposamena, "baldintza pleguan jasotako gutxieneko ezaugarrietan egindako hobekuntzei esker": besteak beste, informazioa biltegiratzeko sistema, bistaratze postuetako errendimendua edo, zerbitzariren batek huts egingo balu, funtzionamenduaren fidagarritasuna.

Bideozaintza sistema berriaren bitartez, Udaltzaingoak orain arte erabili izan duen teknologia analogikotik irudi bereizmen handiagoa duten gailu digital berrietara jauzi egingo du. Gainera, bideo azterketa adimenduna eskainiko du sistema berriak, egoerak denbora errealean detektatzeko eta polizia zerbitzuari modu automatikoa jakinarazteko.

Non jarriko dituzte kamerak?

Kamera gehienak buru anitzekoak izango dira, hainbat objektibo dituztenak. Horrela, aldi berean zonalde zabalak kontrolatu ahal izango dituzte, bai eta irudi argitasun handiagoa lortu eta 360 graduko ikuspegira iritsi ere. Besteak beste, honako leku hauetan kokatuko dituzte kamerak:

  • Andre Maria Zuriaren plaza
  • Plaza Berria
  • Arkupeko ibilbidea
  • San Frantsizko aldapa
  • Bakardade kantoia (eskailera mekanikoetan)
  • San Frantzisko Xabierkoaren kantoia (eskailera mekanikoetan)

Ehun kamera

Legealdiaren hasieran, Iñaki Gurtubai Segurtasun zinegotziak bere sailaren programa aurkezteko egindako prentsaurrekoan adierazi zuen udal gobernuaren konpromisoa dela hurrengo urteetan hiri osoan zehar ehun kamera inguru izatea, ondoko beste hiri batzuetako adibideari jarraituz. Adibidez, Iruñean 300 kamera inguru dituzte gaur egun.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago