EH Bilduren indar erakustaldia

Erredakzioa 2024ko api. 23a, 10:50
Maiatzean osatuko da Eusko Legebiltzarra. LEGEBILTZARRA

Botoetan eta eserlekuetan irabazi du koalizio subiranistak Araban, lehen aldiz; eta duela lau urte baino 14.000 boto gehiago izan ditu. EAJ bigarren da, zazpi ordezkarirekin, eta 2020ko ia boto berberekin.

Euskal Herriko mapa politikoan hauteskundez hauteskunde ikusten ari den joera aldaketa ezin hobeto islatu du Arabak Eusko Legebiltzarrerako azken hauteskundeetan. Gasteiz hiriburutik hasita, Villabuenan, Lezan, Amurrion, Iruña Okan, Oionen, Bastidan, Arratzua-Ubarrundian, Bernedon, Kanpezun, Urizaharrean, Lagranen, edo Añanan EH Bildu nagusitu da. Hartara, zortzi ordezkari lortu dituzte Pello Otxandianoren alderdikideek herrialdean. EAJ bigarren da, zazpi ordezkarirekin. Launa lortu dituzte PSE-EEk eta PPk, baina aldea dago haien artean. PSE-EEk duela lau urteko emaitzari eutsi dion bitartean, popularrek legebiltzarkide bat gehiago izango dute Eusko Legebiltzarrean. Sumarrek eta Voxek ordezkari bana lortu dute herrialdean; eta Elkarrekin Podemosek bi eserleku zituen Araban, baina desagertu egin da.

Gasteizen egon dira begi guztiak jarrita hauteskundeetan, herrialdeko biztanleen %75 hiriburuan bizi delako. Koalizio subiranistak ez du huts egin, eta 2023ko udal hauteskundeetan lortutako garaipen historikoa berretsi du. Hala, duela lau urte baino ia 10.000 boto gehiago lortu ditu orain EH Billduk hiriburuan. 2020an, 20.006 bozka lortu zituen, eta botoen %22; orain, berriz, 29.959 bozka lortu ditu, eta botoen %26,6. Hain zuzen, 30.000 botoen langa da alderdi batek 2009tik gainditzen ez zuen kopurua. Oso adierazgarria.

EAJk ere duela lau urte baino boto gehiago lortu ditu Gasteizen, baina ia bost puntu egin du behera ehunekoetan, eta lehen indarra izatetik bigarrena izatera igaro da.

Auzoka, EH Bilduk irabazi du Alde Zaharrean, Abetxukun, Errotan, Aranan, Judimendin, Zabalganean, Salburuan, Adurtzan, Eharin eta Lakuako hainbat hauteskunde barrutitan. EAJk, bere aldetik, boto gehienak lortu ditu Lovainan, Desamparadosen, Zabalgunearen zati batean, eta San Martingo Abendaño inguruan. PSE-EEk, berriz, Sansomendiko eta Zaramagako barrutietan irabazi du; eta PP izan da bozkatuena Batan, Mendizorrotzean, Gazalbiden eta Zabalguneko hainbat puntutan.

Salbuespen bakarra

Hiriburutik kanpo, Arabako hauteskunde mapak bi kolore ditu: berde argia EH Bildurena eta berde iluna EAJrena. Salbuespen bakarra Arabako Errioxako eskualde buruan dago. Guardian, berdearen ordez, PPren urdina nagusitu da gutxigatik. PPk 248 boto lortu ditu ( % 30,77), EAJk 243 ( % 30,15) eta Bilduk 216 ( % 26,8). Oso urrun dago PSE, 58 botorekin, eta Vox, 26rekin. Bestetik, Arabako Errioxan EAJk galdu duen nagusitasuna azpimarratu behar da, izan ere EH Bildu gailendu da Oionen, Bastidan, Lezan, eta Villabuenan.

Añanako Kuadrillan, aldaketarik esanguratsuena Iruña Okan jazo da. Lurraldeko gotorleku sozialista bakanetako bat den arren, apirilak 21eko emaitzen irudia oso bestelakoa da, eta EH Bildu kokatu da buruan. Arabako udalerri jendetsuenetan bosgarrena da, eta eskualde horretako populatuena. Handitik txikira, Añanan eta Kuartangon ere EH Bilduk irabazi ditu hauteskundeak. Zanbranan, aldiz, berdinketa egon da EAJren eta PPren artean.
Gorbeialdea eta Lautada koalizio subiranistaren feudoak direla berretsi dituzte hauteskundeen emaitzek. Burgun eta Dulantzin ezik, Lautada osoan irabazi du EH Bilduk, aise. Agurainen, botoen %50 baino gehiago lortu du; eta Asparrenean botoen %67,47. Arabako Mendialdean ere azken urteetako aldaketa politiko ikusgarria berretsi dute bozek, eta subiranistak gailendu dira Kanpezun, Bernedon edo Urizaharrean.

Jeltzaleen eta EH Bilduren lehia oso estua da Aiaraldean. Laudion, EAJk eta EH Bilduk boto kopuru bera lortu dute: 3.327. Amurrion eman da aldaketa. EH Bilduk irabazi du, 2.053 botorekin, 2020an baino 500 bat gehiago. EAJk 1.922 lortu ditu, duela lau urte baino ehun eskas gutxiago.

Erlazionatuak

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide