EH Bildu izango litzateke lehen indarra Araban

Erredakzioa 2024ko api. 15a, 12:22
EITB Focus inkestak EH Bilduren garaipena aurreikusi du hauteskundeetan. ALEA

EITB Focusen arabera, EAJk baino 2 edo 3 eserleku gehiago lortuko ditu koalizioak Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, nahiz eta boto kopuru antzekoa jaso.

EH Bilduk lehen aldiz irabaziko ditu Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak, 28-29 eserleku eskuratuta. Hala jaso du asteburuan argitaratutako EITB Focus inkestak. CIS Espainiako Ikerketa Soziologikoen Zentroak emaitza bera iragarri du aste honetan bertan kaleratutako beste inkesta batean. EITBren inkestak dioenez, EAJk baino 2-3 eserleku gehiago lortuko ditu koalizioak, nahiz eta boto kopuru antzekoa bereganatu.

Hala, koalizio subiranistak 28-29 eserleku izango lituzke, eta EAJk 26-27 (botoen %34,9 eta %34,2 lortuko lituzkete, hurrenez hurren). Atzetik, hamar edo hamabi legebiltzarkide izango lituzke PSE-EEk (botoen %14), zazpi PPk (%7,7) eta bat edo bi Sumarrek (%3,8). Ez lukete ordezkaritzarik lortuko Elkarrekin Podemosek (%2,4) eta Voxek (%1,5). 

Lehen aldiz, Araban

EH Bildu lehen aldiz izango da indar bozkatuena Araban apirilaren 21eko hauteskundeetan. EITB Focusen arabera, hiru eserleku gehiago jaso, eta bederatzi ordezkari izango ditu, botoen %33,4 eskuratuta. EAJ sei puntura izango du, boto-portzentajeari dagokionez. Jeltzaleek botoen %27,6 eta zortzi ordezkari eskuratuko dituzte. Elkarrekin Podemosek eta Sumarrek ez dute ordezkaritzarik lortuko herrialdean, eta Vox ordezkaririk gabe geratuko da. 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide