Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako atzera kontua hasi da. Gaur gauean helduko diote alderdi politikoek kanpainari, eta gauerdian hasiko da ofizialki apirilaren 21erako boto eskaera. EAJk eta EH Bilduk Gasteiz aukeratu dute erkidegoko hasiera ekitaldi nagusiak egiteko; PSE-EEk, PPk eta Podemosek, aldiz, Bilbon hasiko dute, eta Sumarrek Donostian.
Araban jokoan dauden eserlekuen garrantziaz jabetuta, ekitaldi garrantzitsuak izango dira kanpaina hasieran Gasteizen. Hala, Bilduk hasiko du lehendabizi, Pello Otxandiano lehendakarigaiarekin; 20:15ean egingo du, Santa Barbara plazan. EAJk, berriz, Imanol Pradales lehendakarigaia buru, 21:00etan egingo du ekitaldia, Andre Maria Zuriaren plazan.
Gainontzeko alderdiek gaur ez dute Gasteizen ekitaldirik egingo, baina hurrengo egunetan izango dute hitzordurik. Ostiralean, Alberto Nuñez Feijoo Alderdi Popularreko buruak bisitatuko du Gasteiz, Javier de Andres lehendakarigaia babesteko; 18:30ean, Plaza Berrian. Pedro Sanchez Espainiako presidenteak, berriz, larunbatean parte hartuko du PSEko lehendakarigai Eneko Anduezarekin batera; 11:30ean, Europa jauregian. Larunbatean, baita ere, Yolanda Diaz Sumarreko liderra izango da Gasteizen alderdiko hautagaiekin; 12:00etan egingo dute ekitaldia, Artiumen.