Arabako hiru ikastetxetan Serunionekin duen kontratua etengo du Hezkuntza Sailak

Erredakzioa 2023ko aza. 14a, 17:00
Ikasbidea eta beste ikastetxe batzuetako familien protesta. ALEA

Eusko Jaurlaritzak iragarri du Serunion enpresarekin duen kontratua bertan behera utziko duela arazoak izan diren zentroetan: alde batetik, Dura, Murgia eta Zigoitiko ikastetxeetan; eta bestetik, Hernaniko beste eskola batean.

Irailaren 22an Ikasbidea Ikastolan gertatutakoak soka luzea ekarri du. Joan den astean, gainera, arazoa errepikatu zen berriz ere, eta atzera bota behar izan baitzituzten egoera txarrean zeuden babarrunak; egun horretan, jantokira joan ziren ikasleak bigarren platerik gabe geratu ziren.

Egoera ikusita, eta zabalik dagoen espedientea kontuan hartuta, Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Bingen Zupiriak astearte honetan iragarri du Hezkuntza Sailak Serunion enpresarekin duen kontratua bertan behera utziko duela, eta horretarako aukera juridikoak aztertzen ari direla.

Hala ere, Zupiriak argitu duenez, erabakiak soilik janariaren egoera txarra salatu duten bi ikastetxe publikoei eragingo lieke; hau da, Ikasbidea Ikastolako (Dura, Arratzua-Ubarrundia) eta Langile Ikastola Herri Ikastetxeko (Hernani, Gipuzkoa) zerbitzua etengo litzateke, baina ez beste ikastetxetakoa.

"Erabakia lote horiekin lotuta egon behar da; ez esleitutako lote guztiekin", adierazi du sailburuak. "Ondo argudiatutako oinarri juridiko bat egon behar da, eta, gainera, ahalik eta azkarren egin ahal izan behar da. Hezkuntza Sailak eta familiek dute interesik handiena zerbitzua kalitatezkoa izan dadin", azpimarratu du sailburuak, zerbitzuaren "azterketa etengabea" egiten ari direla azalduz.

Murgia eta Zigoitia, lote berean

Zenbait hedabidek argitaratu dutenez, egoitza eta sukalde nagusia Logroñon dituen Serunion enpresak Ikasbideari eskainitako janari sorta beste bi eskolatara iristen da egunero: Murgia BHI (Zuia) eta Gorbeia Eskola HLHI (Zigoitia) ikastetxeetara, hain zuzen ere. Gaur egun, enpresak Arabako herrietako hamaika ikastetxetara eramaten du janaria. Beraz, kontratua etengo balitz, hiru ikastetxe horietan zerbitzua emateari utziko lioke Serunionek, baina beste zortzirekin lanean jarraituko luke.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide