Maite Fernandez Melero, Denon Eskola

"Ikasbideak alde txarrena eraman du, baina arazo ugari daude"

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2023ko aza. 9a, 08:03

Maite Fernandez Melero, Denon Eskolako arduraduna. Argazkia: E.U.

Ikasbidean azken asteotan jazotako arazoek piztu dituzte alarma gorriak gurasoen artean; Denon Eskolak eskola jantokien eredu aldaketa aldarrikatu du.

Araban ia hamalau mila haur eta nerabek eskolako jantokian jaten dute egunero. Halaxe jasotzen da Eusko Jaurlaritzak eskola jantokietako lizitazioetarako argitaratutako pleguetan. Zifra handituz doa urtetik urtera, eta baita elikagaien kalitatearekin kezkatuta dauden gurasoen kopurua ere. Alarmak piztu dituzten azken gertakariak Ikasbidea ikastolan jazo dituzte. Irailaren 22an, ikasle batzuek jakinarazi zuten jantokian zerbitzatu zieten pasta "jangaitza" zela eta "zizareak" ikusi zituztela. Hiru egun geroago, ikastetxe publikoak gertatutakoaren berri eman zion Hezkuntza sailari, eta Eusko Jaurlaritzak zehapen-espedientea ireki dio Serunion enpresari. Aste honetan bertan errepikatu dira arazoak Ikasbidean, eta atzera bota behar izan dute bigarren platera. Alta, arazoak, "atzetik" datozela azaldu du Denon Eskolako arduradun Maite Fernandez Melerok (Gasteiz, 1973), eta eskola jantokien eredua aldatzea galdegin du.

Ikasbidean jazotakoaren atzean zerbait gehiago dago? Arazoak atzetik datoz?

EHIGEtik urte asko daramagu Eusko Jaurlaritzari ohartarazten ezin dela onartu eskola jantokien lizitazioetan dirua lehenestea, eta azkenean, zoritxarrez, denborak arrazoia eman digu. Prezioak botatzen baldin badituzu, batez ere azken ikasturte honetan Serunion enpresarekin gertatu den bezala, nonbaiten antzematen da, eta batik bat kalitatean nabaritu da, eta hori ezin dugu onartu. Azken finean, Serunion da prezioak gehien jaitsi dituen enpresa, eta arazo gehien izaten ari den enpresa. Ikasbideak alde txarrena eraman du, baina arazo ugari egon dira jantokietan.

Arabako gurasoen elkarteko batzarra deitu du Denon Eskolak auziaren inguruan. Zer inpresio jaso dituzue?

Batzarrak deitu genituen kexa asko jasotzen ari ginelako ikastetxe desberdinen eta gurasoen elkarte desberdinen aldetik. Sorpresa handia izan da gurasoen elkarte asko hurbildu direlako batzarrera, eta hain zuzen hori gertatu da arazo asko egon direlako ikastetxeetan, batik bat otorduen kalitateagatik, kantitateagatik, janaria jasotzeko moduagatik; ikasturte hasieran sukaldeko tresnak falta ziren, jantokien begiraleen ordezkapenekin ere arazoak egon dira… Arazo ugari egon dira eskola jantokietan.

"Kalitatea, kantitatea eta begiraleen ratioak dira hutsune nagusiak"

Ikasturte berriarekin batera etorri dira arazo nagusiak?

Atzetik datoz, baina orain arte ez da hain nabaria izan. Umeekin gerta daiteke platerean jartzen diozuna ez gustatzea…, baina garraiatutako menuen kalitatea, adibidez, oso eztabaidagarria da:  goizeko bostetan prestatzen dira menu horiek, hozten dira, eta gero ikastetxeetara garraiatu eta bertan berotu egiten dira. Janari hori ona izan daiteke?

Hori da eredua Arabako ikastetxe gehienetan?

Bai. Gasteizko ikastetxe guztietan. Landa eremuan zortea dugu ikastetxe askotan sukaldea dugulako, eta kanpoko enpresek jeneroa bakarrik ekartzen digute. Kasu horretan, aldarrikatzen ari gara jenero hori gertukoa izatea, gure inguruko ekoizleentzat eta baserritarrentzat hobe izango litzatekeelako eta gure seme-alabentzat ere, jakina.

Beraz, Arabako eskoletako jantoki guztiak daude enpresa pribatuen menpe? Ez dago bere janaria kudeatzen duen ikastetxerik herrialdean?

Ez, Araban ez dago. Bizkaian badaude esperientzia pilotuak, eta hain zuzen EHIGEtik eredu hori bultzatu nahi dugu, oso ondo funtzionatzen duelako. Eskola jantokien beste eredu bat posible da, eta hori izan behar da helburua.

Egungo otorduek umeen eta nerabeen behar nutrizionalak asetzen dituzte?

Azkenean umeek egunero jaten dute, gutxiago edo gehiago, kantitateekin ere arazoak daudelako; baina nutrizio balioak begiratuz gero, ez ditugu egoki ikusten. Aldez aurretik ematen dizkiguten menuak aztertzen saiatu gara, kanpoko nutrizionistekin, eta komatxo asko jartzen dizkiete menu horiei. Eusko Jaurlaritzak, aldiz, esaten du menuen ezaugarri nutrizionalak ezin hobeak direla.

Nutrizionista bat egon beharko litzateke ikastetxeetan?

Egokiena litzateke ikastetxe bakoitzean edo eskualde bakoitzean  nutrizionista bat izatea, ikusteko zer produktu iristen diren eta produktu horien kalitatea zaintzeko eta ikuskatzeko.

"Hezkuntza lege berrian jantokiak aipatu ere ez dira egiten, ez dira existitzen"

Zer menu mota da ohikoena eskola jantokietan? Frutak, lekaleak, arraina edo barazkiak badaude?

Nolabait bai. Ekartzen dituzten barazkiak, ia egunero, izoztuak dira eta barazki freskoa apenas sartzen da jantokietan; arrain freskoa ere oso gutxi, gehienbat jaki ultraizoztuak eta ultraprozesatuak ekartzen dituzte. Eguneroko menuak  1,50 euro balio baldin badu... pentsa!

Zenbat balio du menu bakoitzak?

Garraiatutako menuak 2,60 euro eta1,50 euro, berriz, in situ prestatzen den menua.

Kalitateaz gain, kantitatearekin ere kexak daude?

Bai. Gurasoen elkarteekin egin zen lehen bileran kezka hori atera zen, kantitateak oso justuak direla, eta kasu batzuetan ez direla heltzen.

Beraz, hutsune nagusiak otorduen kalitatea eta kantitatea dira.

Kalitatea, kantitatea eta enpresa pribatuen esku dauden  begiraleen ratioak. Haur Hezkuntzan monitore bat dago hamabost umeko,  Lehen Hezkuntzan monitore bat hogeita hamazazpi mahaikideko, eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan begirale bat berrogeita bost mahaikideko. Astakeria da! Gainera, egunean gertatzen diren ordezkapenak ez dira kubritzen, eta hori arazo larria da oso ratio baxuak ditugunean.

Hezkuntza sailarekin izan dituzuen hartu emanetan zer erantzun dute?

Urte asko daramagu aldarrikapen honekin, eskola jantokien ereduan aldaketak galdegin ditugu behin eta berriz, baina Hezkuntza sailaren aldetik erabateko egoskorkeria dago gai honetan. Inguruan baditugu adibide asko, beste erkidegoetan eta beste herrialde batzuetan, Italian adibidez, non produktua tokikoa den, ekologikoa, ez ultraprozesatua, ikastetxe guztiek sukaldea dute… Hezkuntza sailak, aldiz, dio legeak ukatzen duela aldaketa hori.

Kanpezuko Mendialdea ikastetxean aspaldi ari zarete eredu aldaketa eskatzen.

Urte asko daramagu jantokien eredu aldaketa aldarrikatzen, bai, baina ez digute egiten utzi; hamaiketako osasungarria aurrera atera da ez dagoelako Hezkuntza sailaren menpe, ikastetxearen erabakia delako, baina beste guztia aldatzea ezinezkoa da. 2019an, Eusko Legebiltzarrak Jaurlaritzari exijitu zion beste jantoki eredu batzuk kontuan hartzeko eta aukerak zabaltzeko, baina ez da ezer aldatu, berdin jarraitzen dugu.

Hezkuntza lege berrian jantokiak kontuan hartzen dituzte?

Ez. Aipatu ere ez dira egiten, ez dira existitzen.

Zer urrats egingo dituzue hemendik aurrera?

Ikastetxeetan test bat egiteko asmoa dugu, dituzten beharrak eta urgentziak ikusteko. Guraso elkarteei ere esan diegu oso garrantzitsua dela edozein arazo antzematen dutenean Hezkuntza sailari ohartaraztea. 

Erlazionatuak

Arabako eskola jantokiak, ispilu aurrean

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2023 aza 09 Araba

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide