Eskola jantokien egoerari konponbidea ematea exijitu dute familiek

Mikel Buruaga 2023ko urr. 27a, 18:30

Ikasbidea Ikastolako eta beste ikastetxetako dozenaka familia mobilizatu dira Gasteizen, eskola jantokietan kalitatezko janari osasungarria exijitzeko. Serunion enpresarekin duen kontratua etetea eskatu diote Hezkuntza Sailari.

Irailaren 22an, hainbat umek beren pasta plateretan "zizareak" ikusi zituztela salatu ostean, mikroorganismoak atzeman zituzten Ikasbidea Ikastolako jantokiko janarian; produktuaren azterketak argitara atera duenez, eltxo-larbak ziren.

Ikasbidean gertatutakoak alarma piztu duen arren, ez da isolatutako kasu bat izan. Bertako guraso elkarteak salatu duenez, jantokiko janariarekin lotutako arazoak areagotu egin dira Hezkuntza Sailak enpresa esleipenduna aldatu zuenetik. Gaur egun, Logroñon lan egiten duen Serunion enpresa katalana da Arabako eskola jantokietako janariaren arduraduna.

"Serunionen janaria batzokietara! Serunionen janaria Bildarratzentzat!", oihukatu Durako ikastetxeko eta Arabako beste eskola batzuetako gurasoek, nabarmen haserre, ostiral honetan Andre Maria Zuriaren plazan deitutako mobilizazioan. Bertan, eskola jantokietan kalitatezko janari osasungarria bermatzea exijitu diote Hezkuntza Sailari.

 

Konponbidea: "Kontratua etetea"

Umeek zein gurasoek eutsitako pankarta eta karteletan, bestelako mezuak irakurri ahal izan dira: besteak beste, "Ez ditugu zizareak nahi", "Jantoki The Horror", "Ez begiratu beste alde batera", "Konponbidea orain", "Jantoki osasungarriak eta kalitatezkoak", "Lotsa", "Janari janezina, onartezina", "Hazteko jan egin behar dute", "Mikroorganismorik gabeko jantokia nahi dugu", "Kontratua etetea, konponbidea", "Menu osasuntsuak, zizarerik gabe"...

Horrez gain, familiek Serunion enpresarekin duen kontratua etetea eskatu diote Jokin Bildarratz buru duen sailari. Oraingoz, Eusko Jaurlaritzak jakitera eman du zehapen-espedientea ireki diola enpresari, arau-hauste larriagatik —eta ez "oso larriagatik"—, baina uste du "intzidentzia ez dela nahikoa kontratua hausteko".

"Mikroorganismoekin" gertatutakoaz gain, hilabete eskasean 120 kexa inguru bildu dituzte Ikasbidea Ikastolan. Gurasoek Jokin Bildarratzi eskatu diote "ekin diezaiola ikasleek jasotzen duten janari txar eta urriarekin amaitzeko".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide