Lan baldintzak hobetzea exijitu du hezkuntza publikoko grebak

Erredakzioa 2023ko urr. 24a, 13:15

Milaka langile bildu dira Gasteizko manifestazioan. Argazkia: STEILAS

STEILAS, ELA eta CCOOk hezkuntza publikoan deitutako grebak %55etik gorako jarraipena izan du sindikatuen arabera; Hezkuntza Sailaren arabera, %21,2koa izan da. LAB eta UGT sindikatuek ez dute deialdiarekin bat egin.

Udazken beroa martxan da hezkuntzan. Joan den astean, ELA, STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako itunpeko ikastetxeetan deitutako zortzi greba egunetako lehen hirurek jarraipen zabala lortu zuten; %70etik gorakoa.

Gaurkoan, zerbitzu publikoetako lehen lanuztearen bezperan, STEILAS, CCOO eta ELAk greba deitu dute euskal hezkuntza publikoan (%56ko ordezkaritza dute bertan), UGT eta LAB sindikatuen babesik gabe; azken horren kasuan, biharko greba lehenesteko asmoz. Unibertsitateaz kanpoko eta hezkuntza bereziko 29.000 langile zeuden grebara deituta; gehienak irakasleak, baina baita sukaldaritza eta garbiketako langileak ere.

Sindikatuen arabera, jarraipena zabala izaten ari da, %55etik gorakoa kolektibo guztietan. Hezkuntza Sailak 17:00etarako ikastetxe publikoen %96tik jasotako datuen arabera, berriz, irakasleen %21,2k baino ez du lanuzteekin bat egin.

Eskola publikoaren lan baldintzak

Euskal hezkuntza publikoa indartzeko lan baldintzak hobetu! zioen pankartaren atzean, milaka langile bildu dira Gasteizko manifestazioan. Nagusiki, lan baldintzak hobetzea eskatu dute sindikatuek: galdutako erosahalmena berreskuratzea (%20), baliabide gehiago bideratzea, lan karga arintzea, kudeaketarako ordu gehiago aitortzea, lan osasuna bermatzeko neurriak, erretiroa bizkortzea, plantilak gazteberritzea, behin-behinekotasuna murriztea... Euren ustez, hori da "zerbitzu publikoak indartzeko eta euskal eskola publikoaren alde borrokatzeko modurik eraginkorrena" da.

Halaber, pribatizazioa mugatzea eta eskoletan euskalduntzea bermatzeko plangintzak adostea eskatu dute hiru sindikatuek, baita hezkidetza proiektuak ahalbidetzea eta berdintasun planak adostea ere.

Negoziazioak

"Hezkuntza Sailaren jarrera itxia eta inposatzailea da", kritikatu dute sindikatuek, negoziatzeko borondatea eskatuz. Adibidez, irakasleen lan hitzarmena 2010ekoa da, sukalde eta garbiketako langileena 2009koa, eta heziketa bereziko langileena 2004koa. "Hezkuntza Legearen testuinguruan sinatu diren akordioek ere ez diote erantzuten hezkuntza sistemak beharrezko dituen aldaketei, eta lan baldintzak hobetzeko ez da neurri zehatz eta nahikorik jasotzen", gaineratu dute.

Bestalde, Espainiako Gobernu berria osatzeko negoziazioen harira, hezkuntza publikoko langileen lan baldintzak, soldatak eta enplegu beharrak Euskal Herrian erabakitzea ahalbidera dezatela eskatu diete Espainiako Kongresuan ordezkaritza duten alderdi politikoei.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide