Jarraipen zabala itunpeko ikastetxeetako lehen bi greba egunetan

Erredakzioa 2023ko urr. 18a, 16:00

Zortzi greba egunetako bigarrena egin dute gaur EAEko gizarte ekimeneko ikastetxeetako langileek, %70eko jarraipenarekin. Zortzi hilabeteren ostean hitzarmenaren negoziazioari ekitea eskatu diete sindikatuek IZEI eta Kristau Eskolari.

ELA, STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek zortzi greba egun deitu dituzte Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako itunpeko ikastetxeetan. Urriaren 17an, 18an eta 19an eta abenduaren 11n, 12an, 13an, 14an eta 15ean aterako dira kalera.

Guztira, 130.000 ikasle inguru biltzen dituzten 200 ikastetxe baino gehiagoko 9.000 langile inguru daude grebara deituta. Arabaren kasuan, 30.000 ikasle inguru dituzten hogei bat ikastetxetako 1.500 langile inguru dira.

Sektoreko lan hitzarmena "lehenbailehen" berritzeko helburuarekin —2021etik iraungita dago— aste honetan egindako bigarren lanuztearen jarraipena %70 ingurukoa izan da, sindikatuen arabera; Kristau Eskolak, berriz, %25ekoa izan dela dio. Halaber, milaka irakaslek manifestazio jendetsua egin dute Gasteizen; atzoko manifestazio nagusia Bilbon izan zen, eta biharkoa Donostian izango da, 11:00etan Aldapeta Maria ikastetxetik abiatuta.

Zortzi hilabete bildu gabe eman ostean, "benetako negoziazioa" eta "edukiak mahai gainean jartzeko" eskatu diote sindikatuek IZEI eta Kristau Eskolako patronalei. Halaber, lanuzteekin Eusko Jaurlaritza negoziazioetan inplikatzea bilatu nahi dute langileek.

Sindikatuen aldarrikapen nagusiak dira, besteak beste, lan kargak arintzeko neurriak, sektore feminizatu eta prekarizatuenentzako hobekuntzak, KPIa bermatzeko soldata igoerak, lanpostuei eusteko neurriak eta Lanbide Heziketarako hobekuntzak, bai eta euskara, berdintasuna eta lan osasuna sustatzeko planak ere.

Edukietatik, adostasunera

Lehenengo hiru lanuzteen ostean aurrerapausorik ez badago, abenduan beste bost greba deialdi egingo dituzte. Oraingoz, sektoreko patronal nagusiak, Kristau Eskolak, "elkarrizketaren eta negoziazioaren alde" dagoela adierazi du prentsa ohar batean bidez.

"Orain dela zortzi hilabete baino gehiago izan genuen azken negoziazio mahaia, eta apirilaren 25ean lehen greba eguna egin genuenetik urriko grebetara bost hilabete baino gehiago pasa dira. Denbora horretan, patronalak ez dira sindikatuokin harremanetan jarri ere egin", kritikatu dute sindikatuek. "Ikasturtea hastearekin batera, negoziazio eskaera berri bat helarazi diegu, eta Eusko Jaurlaritzari ere bilera eskaera luzatu diogu. Gaur gaurkoz, ez dugu ez bata ez bestearen erantzunik jaso".

"Ez genuke aurreko hitzarmena lortzeko beharrezkoak izan ziren 29 greba egun luze barnebildu zituen dinamika errepikatu nahi", ohartarazi dute sindikatuek. "Aurreko hitzarmenaren aldeko prozesuan argi geratu zen edukiak daudenean adostasunak lortzen direla".

Erlazionatuak

Udazken beroa dator hezkuntzan

Erredakzioa 2023 ira 28 Araba

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide