Udazken beroa dator hezkuntzan

Erredakzioa 2023ko ira. 28a, 15:30

ELA, STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuen agerraldia, gaur. Argazkia: ELA

STEILAS, CCOO eta ELA sindikatuek greba deitu dute euskal hezkuntza publikoan urriaren 24rako. Gainera, ELA, STEILAS, CCOO, LAB eta UGTk zortzi lanuzte deitu dituzte itunpeko ikastetxe pribatuetan.

Iñigo Urkullu lehendakariak lan gatazkei eta grebei buruz egindako diskurtso polemikoaren ostean, grebaz beteriko udazkena dator Euskal Autonomia Erkidegora. Ez galtzeko gida: alde batetik, urriaren 25ean eta abenduaren 19an, bi greba egun zerbitzu publikoetan, LAB, ELA, CCOO, STEILAS, SATSE eta ESK sindikatuek deituta; bi data horien artean, azaroaren 30ean, zaintza eskubide unibertsalaren alde mugimendu feministak deitutako greba feminista orokorra; eta aste honetan, sindikatuek hainbat greba deialdi egin dituzte hezkuntzan.

Sektore publiko osoan egindako deialdiaz gain, STEILAS, CCOO eta ELA sindikatuek beste greba bat deitu dute EAEko irakaskuntza publikoan urriaren 24rako; zerbitzu publikoetako lehen lanuztearen bezperan eta LAB sindikatuaren babesik gabe. Unibertsitateaz kanpoko eta hezkuntza bereziko irakasleak daude grebara deituta, baita sukaldaritza eta garbiketako langileak ere.

Sindikatuek lan baldintzak hobetzea —erosahalmena, baliabide gehiago, lan karga arintzea, kudeaketarako ordu gehiago aitortzea...— eskatuko dute, "zerbitzu publikoak indartzeko eta euskal eskola publikoaren alde borrokatzeko modurik eraginkorrena delako".

Bestalde, ostegun honetan, ELA, STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek zortzi greba egun iragarri dituzte itunpeko ikastetxe pribatuetan urrirako eta abendurako. Sindikatuen ustez, Kristau Eskolak eta AICE-IZEAk hitzarmenaren negoziazioak "blokeatu" dituzte, eta horren aurrean lanuzteak deitu dituzte urriaren 17an, 18an eta 19an eta abenduaren 11n, 12an, 13an, 14an eta 15ean. Patronalari "benetako negoziazioa" eskatzeaz gain, Eusko Jaurlaritza negoziazioetan inplikatzera bultzatu nahi dute.

Kasu honetan, sindikatuen aldarrikapen nagusiak dira lan kargak arintzeko neurriak, sektore feminizatu eta prekarizatuenentzako hobekuntzak, KPIa bermatzeko soldata igoerak, lanpostuei eusteko neurriak eta Lanbide Heziketarako hobekuntzak, bai eta euskara, berdintasuna eta lan osasuna sustatzeko planak ere.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide