Fernando Albizuren pregoiak dena prest utzi du Arabako jaietarako

Erredakzioa 2023ko api. 26a, 10:00

Arabako zinemagintza omendu du San Prudentzio eta Estibalizko Andre Mariaren jaiak iragartzeko aurtengo pregoiak, Fernando Albizu aktore gasteiztarraren eskutik.

Bigarrenez, Probintzia plazan irakurri da San Prudentzio eta Estibalizeko Andra Mariaren jaiak iragartzeko pregoia. Atzo, asteartean, 20:00etan hasi zen ekitaldia. Beraz, Arabako jaiak ofizialki hasi dira jada.

Aurtengo ekitaldiaren protagonista Fernando Albizu aktore gasteiztarra izan zen, eta bere hitzartzea baliatu zuen Arabako zinemagintza arrakastatsuari gorazarre egiteko, azken urteetan ekoizpen, izendapen eta aintzatespen ugari lortzeagatik. Horrez gain, bideo bat ere proiektatu zuten, zinemagintzan diharduten beste zenbait arabar ospetsuren mezuekin.

Ekitaldian izan ziren, ehunka herritarrez gain, Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusia, Pedro Elosegi Arabako Batzar Nagusietako lehendakaria, Gorka Urtaran Gasteizko alkatea, Ana del Val Kultura eta Kirol Saileko foru diputatua, eta erakundeetako beste zenbait ordezkari.

Azkenik, Itziar Yagüeren ahotsak amaiera eman zion ekitaldiari, Daniel Dominguezen bateriaren, Francisco Serranoren kontrabaxuaren eta Paul San Martinen pianoaren laguntzarekin. Haiekin izan ziren Sara Hermoso, Paula de la Fuente, David Martinez eta Julen Beltran de Lubiano dantzariak.

Aste honetako ALEAn, Arabako jaien inguruko eduki berezi ugari topa ditzakezue. Besteak beste, Fernando Albizu aktore eta pregoilariari egindako elkarrizketa: "Kanpoan nagoenean ere ospatzen ditut Arabako jaiak". Bestalde, bere ibilbidearen inguruko errepasoa egin genuen martxoaren amaieran ALEAn, pregoilaria izango zela iragarri zenean.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide