Trebiñuko integrazioari buruzko herri galdeketa, berriz mahai gainean

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute

Mahaiak mozioa aurkeztu du bi udaletan herri galdeketa aktibatzeko. ALEA

Espainiako Ministroen Kontseiluari herri galdeketa bat egiteko baimena eskatzeko mozioa aurkeztu du Trebiñuko Enklabea Araban Integratzeko Mahaiak udaletan

Trebiñuko Enklabea Araban Integratzeko Mahaiak beste urrats bat egin du. Trebiñuko bi udalerritan –Argantzonen eta Trebiñuko Konderrian–, urriaren 1ean, ezohiko bi batzar egiteko eskaera aurkeztu du, bi udalek Espainiako Ministroen Kontseiluari herri galdeketa bat egiteko baimena eskatzeko, "1998an egindakoaren antzekoa".

1998ko martxoaren 8ko herri galdeketak, Gobernuak baimendu ez arren, parte hartze handia izan zuen, erroldaren %76,6. Emandako baliozko botoetatik, %68,14k erreferendum bat egitearen alde egin zuten, Burgosen menpe jarraitu nahi zuten edo Araban sartu nahi zuten erabakitzeko.

Bigarren galdeketa egiteko eskaera, berriz, joan den ostiralean aurkeztu zuten barrendegiko bi udaletan. Ekimen horrekin, Trebiñuko Enklabea Araban integratzeko Mahaiak "beste aurrerapauso bat ematen du auziaren ebazpen administratiboan, enklabeko biztanleek haien nahiak adierazteko aukera edukiz. Horretarako, beharrezkoa da bi udaletan eskaera hori onartzea", azaldu dute.

"Juridikoki posiblea"

Angel Victor Torres Lurralde Politikako eta Memoria Demokratikoko Espainiako Gobernuko ministroak joan den maiatzean Kongresuan adierazi zuenez, "juridikoki posible" da Trebiñuren etorkizunari buruzko erreferenduma egitea Araban, baina aurretik "ordenamendu juridikoak ezartzen dituen urrats guztiak" egin behar direla esan zuen.

Halere, Torresek aitortu zuenez, "gertatzen dena da ordenamendu juridikoak ezartzen duena da beharrezkoa dela aldez aurretik Burgosko Diputazioaren aldeko txosten bat eta Gaztela eta Leongo Juntaren aldeko txosten bat izatea hori egin ahal izateko".

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago