Zadorran bainatzeko ohartarazpena kendu du Argantzongo Udalak

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2026ko ekainaren 11

Kutsadurarik ez dute atzeman Zadorrako uretan. Argazkia: PHOT.OK

Gasteizko laborategi batera eraman behar izan dituzte uraren laginak analizatzeko, Gaztela eta Leongo administrazioen erantzun faltagatik.

Gasteizko laborategi batean egin behar izan du azkenik Argantzongo Udalak Zadorrako uraren gaineko analisia, Gaztela eta Leongo administrazioen erantzun faltagatik. Analisiek ez dute atzeman kutsadurarik edo osasun alerta bat justifika dezakeen ezohiko baliorik ibaian, eta horrenbestez lasaitasunez bainatzeko aukera dute herritarrek gaurtik aurrera.

Maiatzaren 31n bainua saihesteko gomendioa eman zuen udalak, sei haurrek eta heldu batek gastroenteritisaren sintomak izan zituztelako, Zadorra ibaian bainatu ostean.

Bainu eremu ofiziala

Alkateak salatu duenez azalpenak eman dituen bakarra bertako landazaina da. "Zaindariarekin hitz egitea lortu nuen, eta esan zidan ez zutela informaziorik ematen, ez delako bainu eremu ofiziala, eta analitikarik ere ez zutela egin. Nik erantzun nien osasun publikoko arazo bat egon zela, eta gutxienez lagin bat hartu eta udalari jakinarazi behar zitzaiola". 

Egoera ikusirik udalak bere kabuz jardutea erabaki zuen eta ur lagin bat bidali zuen laborategi independente batera. Bainurako uren parametroen arabera egindako analisiak erakutsi du gaur egun ibaiaren urarekin kontaktuan egoteak ez duela arriskurik sortzen. 

Muñozek azpimarratu du probaren helburua ez zela beste administrazio batzuen eskumenak bere gain hartzea, herritarrei informazio fidagarria ematea baizik. Gainera, gogorarazi du udalak ez duela ahalmenik Zadorraren tarte horretan bainua debekatzeko, eta horregatik beharrezkotzat jo du datu objektiboak izatea osasun publikoarekin lotutako kezka sortzen denean. 

Izan ere, gogoratu duenez ibaia bainatzeko eremu ofiziala ez bada ere pertsona ugarik erabiltzen dute paseatzeko, freskatzeko, bainatzeko, edo baratzea ureztatzeko.

Errepikatzen den arazoa

Bestalde, alkateak azpimarratu du antzeko egoerak urtero errepikatzen direla eta kritikatu egin ditu administrazio arduradunak, Ebroko Ur Konfederazioa eta Gaztela eta Leongo Junta, udalarekin duten harremana eta koordinazioa eskasak direlako bere aburuz. 

Adibide gisa jarri du iaz ibaian ehunka arrain hilda agertu zirela, uraren oxigeno mailaren jaitsiera eragin zuen isuri baten ondorioz. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago