Sei haurrek eta heldu batek gastroenteritisaren sintomak izan dituzte azken egunotan, Zadorra ibaian bainatu ostean. Egoera dela eta, Argantzongo Udalak berehala debekatu behar izan du ibilguaren tarte horretan bainatzea, babes neurri gisa.
Aurreko larunbatean, bertako kontsultategiko medikuak beherakoa, sukarra eta ondoez orokorra zuten hainbat adingabe eta heldu bat artatu zituen, eta patroi bat antzeman zuen denak ibaiko urarekin kontaktuan egon zirelako. Une horretatik aurrera, 112 telefonoak segurtasun eta osasun publikoko protokoloa aktibatu zuen, eta udalak bandoa zabaldu zuen bainatzeko debekuaren berri emateko.
Alkateak adierazi duenez intoxikatutako inork ez du sintoma larririk izan, ez da ospitaleratzerik egin behar izan, eta guztiek hobera egin dute. Halere, analisien emaitzak ezagutzen diren bitartean, udalak Zadorra ibaian bainatzeko debekuari eutsi dio, kautelazko neurri gisa.
Udalak adierazi duenez, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak argitu beharko du isurketak egon diren eta Zadorrako ura kutsatuta dagoen Argantzonen ibilguan. Alkateak azaldu duenez, ia urtero gertatzen dira horrelako gorabeherak garai honetan baita usain txarrak, aparra edo hildako arrainak agertzea ere.