PSOE gailendu da Trebiñun, Gaztela eta Leongo hauteskundeetan

Juanma Gallego 2026ko martxoaren 16a

Ohi bezala, abstentzio handia egon da igande honetan. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Sozialistek eta Voxek botoak bikoiztu dituzte barrendegian. PPk ez ditu boto asko galdu, baina proportzioan galtzaile suertatu da.

Igandean Gaztela eta Leongo hauteskundeetan parte hartu duten trebiñar gehienak sozialisten alde lerrokatu dira alde handiz, barrendegian PSOEk 285 boto eskuratu baititu, aurreko hauteskundeekiko boto kopurua bikoiztuz. Vox kokatu da bigarren indar gisa, 143 botorekin, eta alderdi honek ere bikoiztu ditu emaitzak. Popularrek 124 boto eskuratu dituzte, duela lau urteko emaitzekin aldaketa askorik gabe.

Parte hartzea handitu da autonomia erkidegorako azken hauteskundeekin alderatuz, baina oraingoan ere, ohi bezala, abstentzio handia egon da barrendegian. Udalerrika, Trebiñun %42,4 izan da (%35,9 2022an). Argantzonen, hautesleen %48,2 joan dira bozkatzera, 2022an %40,4 izan zirenean. Gaztela eta Leonen parte hartzea %65,6 izan da.

Trebiñu udalerriaren kasuan, PSOEk 201 boto lortu ditu, 2022an 111 eskuratu zituenean. Portzentajeei dagokienez, gehien hazi den hautagaitza izan da, 12,8 puntu gehiagorekin, botoen %41,5 lortuta. Bigarren hazkunde handiena Voxena izan da, 51 boto izatetik 102 izatera igaro baita, PP gaindituz. Popularrak antzera mantendu dira botoetan, 2022an 101 lortu zituztelako, eta aurten 99 izan dituztelako. Halere, portzentaia kaltetan joan zaie, boto guztien banaketan 5,6 puntu galduz. Sumar (IU-MS-VQ) eta Podemos-AV koalizioek 25 eta 15 boto eskuratu dituzte, hurrenez hurren.

Argantzonen ere PSOEk botoak bikoiztu ditu (84 boto izan ditu orain, 2022ko 46 botoen aldean), eta beste horrenbeste gertatu da Voxekin, 20 izatetik 41 izatera igaro baita. Udalerri honen kasuan, PP alde gehiagorekin igaro da hirugarren indarra izatera, 25 botorekin (2022an 30 izan zituen). Alviseren Se Acabó la fiesta PSOEz haraindiko ezkerreko hautagaitzei gailendu zaizkie: SALFk 14 boto izan ditu, Sumarren 13 eta Podemosen 6 botoen aldean. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago