Trebiñuko Enklabea Araban Integratzeko Mahaiak 35 administrazio batzarren atxikimendua jaso du orain arte barrendegia Araban sartzearen alde. Honako hauek dira atxikimendua eman duten herri batzarrak: Agilu, Albaita, Añastro, Araiko, Arana, Argote, Armentia, Arrieta, Askartza, Baxauri, Bila Tobera, Burgeta, Bustu, Doroñu, Franku, Fuidio, Golernio, Grandival, Imiruri, Lañu, Mesantza, Moraza, Moskator, Obekuri, Ozilla eta Ladrera, Pangua, Samiano, San Martín Galvarin, San Martín Zar, San Vicentejo, Saratsu, Saseta, Trebiñu, Argantzun, eta Billa Oka.
Orain, bigarren fase bat hasiko dute, eta enklabeko herritarrei ekimenarekin bat egitea eskatuko diete. Horrela, datozen egunetan sinadura bilketa bat hasiko da. Sinadura bilketa hori etxez etxe egingo da. Idazkia buzoietan jasoko dute barrendegian erroldatuta dauden herritarrek eta, bertan, sinadura orria banatuko da eta orri horretan zehaztuko da non entregatu daitekeen.