Europako motrailurik zaharrena aurkitu dute Trebiñun

Juanma Gallego 2025eko abenduaren 11

Sinetsita daude tresna landareak prozesatzeko erabili zutela. Argazkia: EHU

"Aparteko tramankulua" Goi Pleistozenoaren amaieran datatuta dago.

Goi Pleistozenoaren amaieran datatutako motrailu bat aurkitu dute Martinarriko (Obekuri) historiaurreko aztarnategiaren beheko mailan. EHUk zabaldutako prentsa oharraren arabera, Europan ekoitzitako halako lehena litzateke. Ikerketak agerian utzi du Historiaurreko gizakiaren dietan landareek zuten garrantzia. Izan ere, egindako analisietatik ondorioztatu dute batez ere landareak prozesatzeko erabili zutela —"ezkurrak, ziurrenik"—.

EHUko Alfonso Alday eta Adriana Soto ikertzaileak kide dituen taldeak ikerketa proiektu bat diseinatu dute, tresnaren eginkizuna ulertzeko. Besteak beste, sedimentuaren laginak hartu dituzte, fitolitoak eta polenak aztertu aldera. Bai zantzu hauek zein tresnaren morfologia eta higadura patroiek iradokitzen dute seguruenera landareak prozesatzeko erabili zutela tresna hau. Environmental Archaeology aldizkarian eman dute aurkikuntzaren berri. 

"Ezkurrak biltzen ziren ziurrenik Martinarri inguruan, eta haien prozesamendua konbinatzen zen aztarnategi eremuan egiten ziren beste jarduera batzuekin. Besteak beste, ehiza, lanabesen fabrikazioa, animalien zatiketa eta larruen prozesamendua. Ziurrenik, lan neketsuenak kanpamentuan bertan egiten ziren",  azaldu du Aldayk.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago