Trebiñarrek EHUn ikasi ahal izateko diru laguntzeei sarbidea errazteko Arabak abiatu duen proposamenean Burgosko gainerako herritarrekiko "bazterketa" arriskua ikusi du PPk. Arabako eta Burgosko diputazioen artean "lurralde arteko kolaborazioa sustatzeko" Kongresuan gaur aurkeztuko duen legez besteko proposamen batean adierazi dutenez, Arabako aldundiak norabide horretan egindako proposamena "marko juridiko eta normatibo" batean ondo oinarritu ezean, neurriak "justifikaziorik gabeko bazterketa" eragin lezake Burgosko gainerako biztanleekiko.
Maiatzean Trebiñu Araban txertatzeko Batzar Nagusiek onartutako mozioari erreferentzia eginez, alderdi popularrak gogora ekarri du Burgosko diputazioak askotan adierazi duela barrendegia Araban txertatzeko prozesua "legearen oinarrien barruan" egin behar dela, eta "bereziki" Gaztela eta Leongo Autonomia Estatutuak ezartzen dituen baldintzetan. Popularren iritziz, txertatze prozesu hori ezin da "presaka" gauzatu, "instituzioen arteko beharrezko adostasuna egon gabe". Bide beretik, "errespetua" eskatu dute, uste dutelako Trebiñu "Burgosko lurraldearen zati eztabaidaezina" dela.
Honengatik guztiagatik, Kongresuan legez besteko proposamena prestatu dute, instituzioen arteko "adostasuna" eskatzeko. Argudiatu dutenez, bi erakundeen arteko kolaborazioa "tresna eraginkorra" izan da, "lurralde mugak aldatu behar izan gabe".
Kongresurako prestatutako testuaz harago, Angel Ibañez diputatu popularrak agerraldi batean esan du EAJ eta PSOE Trebiñu "truke txanpon" gisa erabili nahi dutela Trebiñu. "Pedro Sanchezek EAJ behar du boterean mantentzeko", argudiatu du Ibañezek.