Pertsona bat hil eta bi zauritu dira bart Trebiñun trafiko istripuan

Erredakzioa 2025eko irailaren 22a

BU 750 errepidearen lehen kilometroan izan da ezbeharra. Argazkia: Alphabet

Igandean 20:30ak aldera izan zen ezbeharra Armentiako Benten inguruan. Irailean errepidean hildako bosgarren pertsona da Araban.

Igande arratsaldean pertsona bat hil eta bi pertsona zauritu dira Trebiñun izandako trafiko istripu batean. 20:30ak aldera gertatu da istripua Armentiako Benten inguruan, BU750 errepidearen lehen kilometroan, Gasteizko mendatearen bidean.

Istripuaren abisua jasotakoan bertara hurbildu ziren Trafikoko Guardia Zibila, Mirandako suhiltzaileak eta Gaztela eta Leongo Larrialdietako indarrak. Osakidetzaren ekipo mugikorren laguntza eskatu zuten, zaurituak artatzeko. Larrialdietako langileak hurbildu zirenerako pertsona bat hilda zegoen jada, eta beste bi zaurituei eman zieten arreta. Gasteizko mendatearen errepidea moztuta egon da hainbat orduz igande gauean istripuaren ondorioz.

Bost hildako irailean

Iraila beltza izaten ari da trafikoari dagokionez. 2024. urte osoan 8 lagun hil ziren Arabako errepideetan. Aldiz, iraila soilik kontuan hartuta bosgarren hildakoa izan da igande gauekoa.

Hilabete hasieran Azazetako mendatean hil zen 56 urteko gizon bat, bi ibilgailuren arteko talkan. Hurrengo egunean 17 eta 19 urteko bi gazte hil ziren Okondon haien autoa errepidetik aterata. Joan den ostiralean hil zen beste pertsona bat, kasu honetan A1ean, Lopidanako zerbitzu gunean.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago