B planetarik ez dagoela aldarrikatu dute Argantzonen

Erredakzioa 2025eko irailaren 15a

Larunbatean egin dute protesta jaia Argantzonen. Argazkia: HORRELA EZ ARGANTZON

Besteak beste Santurce Solar 1 eta Zierbena 15 bezalako makroproiektuen aurka egiteko ekitaldia egin dute larunbatean Argantzonen.

B Planetarik ez dago lelopean Argantzonen bildu dira larunbat honetan dozenaka herritar trantsizio energetiko bidezko eta jasangarri bat eskatzeko. Ekimenak hainbat ekintza bildu ditu, hala nola traktore martxa, tailerrak, dantzak eta musika, eta, antolatzaileen esanetan, lurraldearen defentsa eta komunitatearen indarra uztartu nahi izan dituzte.

Argantzun Horrela Ez plataformak adierazi du berriztagarrien alde daudela, baina ez modu "inposatuan eta gardentasunik gabe". Plataformaren arabera, makroproiektuek nekazaritza, abeltzaintza, ura eta biodibertsitatea arriskuan jar ditzakete, eta tokiko eragileen parte hartzerik gabe bultzatzen ari dira.

Santurce Solar 1 eta Zierbena 15 bezalako proiektuen aurka egin dute, Trebiñuko enklabea "sakrifizio eremu" bihurtzen dutelako. Era berean gogorarazi dute makroproiektuak ez direla bat etortzen Gaztela eta Leongo 2030eko Energia Estrategiaren printzipioekin eta estatuko araudiarekin. Araba eta Bizkaia zeharkatuko dituzten ebakuazioazpiegiturei dagokienez, Euskadiko 1/2024 Energia Trantsizioaren eta Klima Aldaketaren Legea betetzeko beharra azpimarratu dute.

Eskari nagusiak

Argantzun Horrela Ez plataformak hainbat neurri proposatu ditu: makroproiektuak gelditzea, ingurumen eta gizarte bermeak egon arte; gardentasuna eta inpaktu azterketak argitaratzea; Trebiñuko enklabea plangintza energetikoan txertatzea; autokontsumoa eta tokiko energia komunitateak lehenestea; eta Gaztela eta Leon eta Euskadiren arteko koordinazio mahai bat sortzea.

Antolatzaileen esanetan, mobilizazioak erakutsi du beste trantsizio energetiko eredu bat posible dela, eta horretan gizartearen parte hartzea eta tokiko beharrak kontuan hartzea ezinbestekoak direla nabarmendu dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago