Zientzialariek aspalditik dakite Trebiñuko Araiko aztarnategian egon zen Pozarrateko silex harrobi bateko materialak zabalpen handia izan zuela, baina orain argitaratutako ikerketa batek neandertalek eratu zituzten lehen merkataritza trukaketa horien gaineko xehetasun gehiago eman ditu ezagutzera.
Kantabriako El Castillo haitzuloan aurkitutako silexaren jatorriaz egin den azterketak berretsi du neandertalek duela 45.000 eta 70.000 urte arteko garaian distantzia luzeak egiten zituztela lehengaia lortzeko, edo material horiekin taldeen arteko trukaketak egon zirela.
Journal of Archaeological Science aldizkarian argitaratutako zientzia artikuluak silex horren jatorri zehatza identifikatu du, neandertal talde horien banaketaren ideia bat emanez. Orotara, beren lurralde soziala 600 kilometro baino gehiagokoa izan zitekeela iradokitzen du, Oviedoko (Asturias) arroatik Adour ibairaino hedatuta.
Trebiñuko silexaz gain —169 km.–, material gehienak gertuagokoak dira —10-30 km. ingurukoak, hain zuzen—. Baina Asturias erdigunetik ekarritako silexa identifikatu dute mapan mendebalderantz doan ibilbidean: 246 kilometrora. Ekialderantz, berriz, urrunen zegoen jatorria Tercisen (Landak, Frantzia) aurkitu dute, 427 kilometrora.
"Ikertutako mailetan suharri eta erradiolatita arrastoak kopuru osoarekiko urriak izan arren, eta trazabilitatea duten pieza gutxi izanda ere, pieza hauek erakusten dute franko-kantauriar neandertalen lurralde sozial zabala bazegoela", ondorioztatu dute ikertzaileek.