Hiru adingaberi sexu erasoa egitea leporatuta, gizon bat espetxeratu dute

Erredakzioa 2025eko uztailaren 7a

Trebiñun jazo dira sexu erasoak. Argazkia: ALEA

Gutxienez bi hilabetez 12 eta 16 urte arteko biktimengana hurbildu zen gizona, opariak eta jolasak eskainiz.

Guardia Zibilak 31 urteko gizon bat atxilotu du, Trebiñun hiru adingaberi bi hilabetez sexu erasoa egitea egotzita. Guardia Zibilak jakitera eman duenez, opariak eta jolasak eskainiz, 12 eta 16 urte arteko biktimengana hurbiltzen zen. Ustezko erasotzailea espetxean sartu dute dagoeneko.

Joan den ekainaren 25ean atxilotu zuten, 'Ikihan Operazioa'ren barruan. Trebiñuko auzokide batek abisua eman zion Guardia Zibilari, telefonoz, esanez 30 urte inguruko gizonezko batek jarrera desegokia zuela. Abisua emateko deian, auzokideak guardia zibilei adierazi zien gizonezko horrek sexu askatasunaren aurkako delituengatik aurrekari penalak omen zituela.

Auzokideekin hitz egin ondoren, Guardia Zibila ohartu zen gizonezkoa adingabeekin ibiltzen zela, jolasak eta opariak eskainiz. Ikerketa abiatuta, bi etxebizitza miatu zituzten (Trebiñun eta Gasteizen), eta joan den ekainaren 27an atxilotua Miranda Ebroko epaitegietara eraman zuten, epailearen aurrean deklaratzeko. Epaileak behin behineko espetxealdia agindu zuen.

Hainbat informazio iturriren arabera, atxilotutako gizona Zaballako espetxean ari zen zigorra betetzen, adingabeei sexu erasoak egiteagatik, eta hirugarren gradua zuen.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago