Larunbatean Moraza eguna ospatuko dute, eta ateratako dirua Morazako eliza gune soziokultural bilakatzeko erabiliko dute. Urteak daramatzate eliza bera eta herria berpizten, eta berritze lan oinarrizkoak egin ostean, orain hasiko dira eliza herritarren erabilerarako elkarte bihurtzeko lanekin. Apezpikutzak hogei urterako erabilera baimena emana dio Trebiñuko Udalari, eta honek era berean Moraza Kultur Elkarteari utzi dio kudeaketarako eskumena.
Egun osoko egitaraua antolatu dute larunbaterako, maiatzak 24, Morazako elizaren inguruan. Txistularien kalejirak emango dio hasiera egunari, eta txosna ere zabalduko dute herrian. Inguruko ekoizleen produktuak egongo dira ikusgai eta salgai, Askartzako sagardoa, Arluzeako gazta, Arronizko olio ekologikoa, herritarren artisau lanak... Txaranga, bermuta, bazkaria, antzerkia, kontzertua... elkartasun egunera hurbiltzeko deia egin du Iñaki Laburu kultur elkarteko lehendakariak.
Hildako herri baten berpiztea
50 eta 60 hamarkaden bueltan abandonatua zegoen Moraza, guztiz hutsik, "zaharrek diotenez". Gerora, urte luzez artzaina besterik ez zen bizi izan, bere ardiak herrian zaintzen zituena. Iaz hil zen artzaina, baina herria berpizten ikusi ostean. Izan ere, pixkanaka bizilagun berriak batu dira Morazara azken urteetan, gazteak, haurrak dituzten familiak, egun hogei pertsona inguru bizi dira egunerokoan bertan.
Eta indartsu etorri dira bizilagun berriak, "asko sustatu dituzte herria berreskuratzeko lanak", Labururen esanetan. Burgos eta Arabako diputazioen laguntzaz lortu zuten "erortzen ari zen" elizako kalte handienak konpontzea, Apezpikutzak eta bizilagunek beraiek ere dirua jarrita. Elizaz gain, beste hainbat kontutan ere aritu dira lanean, auzolanak berreskuratuta, harresiak, bideak, ur sistemak, suteen aurkako neurriak eta beste hainbat konponketa burutu dituzte. Herriko festak ere berreskuratu dituzte, San Juanetan.
Ekainean ikerketa bat abiatuko da, Morazako elizaren balio historiko-artistikoa ebaluatzeko, Arabako Aldundiaren laguntzaz. Baina kultur elkarteak diru propioa ere izan nahi duela azaldu du Laburuk, beren ekimenez asetzen joan ahal izateko herritarren beharrak. Orain elkartzeko eta kultur ekimenak egiteko gune baten beharra dute, eta horretara dator larunbateko jaia, eliza herritarren erabilerarako gune gisa atondu ahal izateko.