Ia 50 MWko potentzia duen planta fotovoltaiko bat instalatzea aurreikusi du Solaria Eguzki Sorkuntzak Santurce Solar 1 proiektuarekin, Argantzonen, 228 hektareako lursaila okupatuz. Horrekin batera, lau kilometroko ebakuazio linea eraikiko dute, Burgos, Araba eta Bizkaiko hainbat udalerri zeharkatuz, eta 112 hektareako landa lur eremua ukituz.
Larunbat honetan, Argantzun Horrela Ez plataformak deituta oinez egin dute ibilbidea, eguzki plakak jarri nahi dituzten eremura. Martxaren testuinguruan irakurri duten manifestuan azaldu dute proiektu fotovoltaiko handien "inbasioaren" aurka daudela. "Iturri berriztagarrietan oinarritutako trantsizio energetiko baterantz aurrera egiteko premia ikusten dugu, baina argi eta garbi esaten dugu: ez gure lurraldearen, biodibertsitatearen eta gizarte ongizatearen kontura".
Solaria Eguzki Sorkuntzak sustatutako Santurce Solar 1 proiektuak Gaztela eta Leongo 2030erako Energia Eraginkortasunerako Estrategian jasotako printzipioak urratzen dituela uste du plataformak. "Planta horrek ez ditu betetzen iraunkortasunaren, eraginkortasunaren eta lurralde ekitatearen irizpideak", esan dute. "Pertsonak eta ingurumena erdigunean jarriko dituen trantsizio energetikoa nahi dugu, ez korporazio handien interesak. Gaur, inoiz baino gehiago, batuta gaude gure lurraren, subiranotasunaren eta etorkizunaren defentsan", azaldu dute.