Elkarrekin Arabak aurkeztutako mozio batetik abiatuta, Arabako Batzar Nagusiek "babesa eta lankidetza" agertu diete Trebiñuko eta Argantzongo udalek "beren herritarrek askatasunez adierazitako borondatea oinarri hartuta, Trebiñuko Enklabea Araban integratzeko eta egoera ezohiko eta anakroniko horri irtenbidea emateko abian jar ditzaketen ekimenei".
Elkarrekin Araba, PSE-EE, EH Bildu eta EAJ alderdiek aurkeztu eta onartutako mozioak gogora ekarri du Burgosko Diputazioarekin lankidetzarako egindako esparru akordioa "salbuespenezko eta aldi baterako tresna gisa" sortu zela, Trebiñu Araban integratzeko prozesua eman bitartean, baina hori ezin dela "sine die" atzeratu.
Modu berean, Jaurlaritzari eskatu diote juridikoki azter dezala Trebiñuko enklabean erroldatuta dauden eta EHUn unibertsitate ikasketak egiten ari diren pertsona guztiek diru-laguntzak jasotzeko aukera, "Araban integratzeko prozesua amaitzen den bitartean".
Aurreratu dute adierazpenaren berri bidaliko dietela Espainiako Diputatuen Kongresuari, Jaurlaritzari, Gaztela eta Leongo Juntari, Burgosko Diputazioari eta Trebiñuko Barrendegiko udalei.