Trebiñuko Udalak nekazariei lurrak saltzeko erabakia baliogabetu du Burgosko epaitegiak

Erredakzioa 2025ko mai. 9a, 09:00

AGR-2 sektorean dauden udal jabetzako lurzatiak erosteko aukera eman beharko dio udalak herritar orori, bidezko prezioan.

Burgosko Administrazioarekiko Auzietako 2. zenbakiko Epaitegiak arrazoia eman dio AICT udal talde independenteak aurkeztutako errekurtsoari, eta Trebiñuko udal gobernuak 2024an lursail batzuk saltzeko hartu zuen erabakiaren kontra ebatzi du. Lursailak AGR-2 sektorea izena duen nekazaritza industrialdean daude, eta iazko maiatzean saldu zizkion udalak hainbat nekazariri.

Epaileak dio "zuzenbidearen aurkakoa" dela osoko bilkuraren erabakia, eta bertan behera utzi du. Horrenbestez, lursail horiek saldu nahi baditu Trebiñuko Udalak oraingo pleguaren oinarriak aldatu beharko ditu eta besterentzeko prozedura berria abiatu. Halere, apelazio errekurtsoa aurkezteko aukera ere badu udalak. Momentuz, Adolfo Estavillo alkatearen taldeak ez du hitzik esan epaiaren inguruan.

Soilik nekazarientzat

AICT taldeko zinegotzi Yolanda Urartek ALEAri azaldu dio auziaren muina. Urarteren esanetan, AGR-2 sektoreko industrialdea eraiki zenetik Trebiñuko gobernu taldeak "lehen PPkoak eta orain PPkoak beste izen batekin" beti esan izan du lehen hamar urteetan poligono horretako lursailak inguruko nekazarientzat izan behar zirela, Gaztela eta Leongo Juntako nekazaritza sailak diruz lagundu zuelako; eta AGR-2 sektoreko industrialdeko lursail diferenteak hainbat aldiz atera dira salmentara, soilik nekazarientzako.

Bestalde, Urartek zehaztu duenez, salmenta beti egin da merkatuko prezioaren azpitik, "baina oso azpitik hitz egiten ari naiz, agian, lursail batek balio duenaren bosten bat edo gutxiago. Gainera, aurkezten den pertsona bakoitzak, bat ez ezik, bi lursail ere aukeratzeko aukera du", azpimarratu du.

Errekurtsoa

"Gu beti abstenitu gara, baina iazko plenoan esan genien: aizue hamar urte igaro dira, eta hamar urte horiek igarota, modu librean esleitu daiteke. Zergatik ateratzen dituzue berriro horren merke eta berriro nekazarientzat bakarrik?". AICTren iritziaren kontra, salmenta betiko moduan aurrera atera zuen udal gobernuak eta industrialdeko hainbat lursail saldu zituzten iragan urtean. "Gehiengoa dutenez, nahi izan duten bezala egin dute, izan ere, zerbait esaten bazenuen, nekazaritza sektorearen aurka geundela esaten zuten, ni eta nire familia nekazariak garenean", esan du Urartek.

Udalbatzaren erabakia ikusirik, AICTk auzitegira jotzea erabaki zuen. "Espedientea irakurtzen hasi nintzen, eta ikusi nuen industrialdea eraikitzeko aipatzen zuten diru laguntza hori ez zela etorri nekazaritzatik baizik eta landa garapeneko sailetik. Gainera, abokatuak esan zigun lursailak bidezko prezio batean saldu behar direla, berdin dio diru laguntzarik dagoen ala ez. Inbertsio hori berreskuratu egin behar da".

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago