Apirilaren amaieran Saseta herriko teilatuaren zati handi bat behera erori da. Ondarearen Zerrenda Gorrian zegoen Trebiñuko eliza 2019ko martxotik, eta egunotan amaitu behar zituzten eraberritzeko obrak, baina traba burokratikoek atzeratu zituzten lanak. Halere, tenpluaren alde zaharrena mantentzearen alde borrokatu behar dela esan dute bizilagunek. "Dirudienez, zati erromanikoa kalte gutxien duena da", azaldu diote Diario de Burgos kazetari.
Tenpluak hainbat eraikuntza fase ditu, XI. mendeko elementu prerromaniko batzuk, XIII. mendeko nabe erromanikoa, ganga izartsu gotiko errenazentista (XV. eta XVI. mendekoa) eta XVIII. mendeko dorre barrokoa. Teilatuaren zati zentrala erori da, hain zuen egoera ahulenean zegoena.
San Esteban aspalditik zegoen hesituta. Teila batzuk erori zirenean, Gasteizko Gotzaindegiak tenplua dagoen ingurua babestu zuen. Bizilagunak, berriz, tenplu hori mantentzeko borrokan hasi ziren. 2024an, Burgosko Diputazioak 71.500 euroko ekarpena onartu zuen, eta gotzaindegiak beste 56.000 euroko inbertsioa. Obrak egunotan amaitu behar zuen, baina faktura batzuen justifikazioak eragindako arazo administratiboek obrak ez hastea eta tenpluaren zati bat behera etortzea eragin dute.