Baxauriren 1000 urteko historia ospatuko dute

Erredakzioa 2025ko mar. 12a, 12:34

Mila urtetik gora daramatza bizirik Baxauri herriak. Argazkia: ALEA

Trebiñuko herrixka Donemiliagako Goldea dokumentuan agertu zen lehen aldiz, 1025ean, 'Bassahuri' izenez. Urte osoko egitaraua antolatu dute ospatzeko, larunbat honetan hasita.

Mila urte ditu, gutxienez, Trebiñuko Baxauri herriak. 1025. urtean bizirik zegoen, eta errenta pagatzen zuen Donemiliagako monasterioan, hamar familiari zegokien zerga. Aurten, Baxauriko bizilagunek herriaren historia luzea ospatzeko egitaraua antolatu dute, urte osoan zehar, Bassahuri, 1000 urteko histora lelopean. Arbasoak omendu eta lekukoa hartzeko baliatuko dute herritarrek, "harrotasunez eta arduraz".

Larunbat honetan hasiko dute egitaraua, martxoaren 15ean. Goizean zehar, herriko eskola zaharrean bilduko dira ospakizunaren zergatia eta antolatutako ekintza ezberdinak aurkezteko, eta bizilagun zaharren kontakizunak partekatuko dituzte, grabatutako bideo batean. Izan ere, hainbat elkarrizketa egin dizkiete herritar beteranoei, haien bizipenak gertuagotik ezagutzeko, lurra eta animaliekin egindako lana, etxeak, basoa... gaztetako garaiak kontatuko dituzte, bizitza "orain baino gogorragoa" zenekoak.

Herriko toponimoekin osatutako mapa handi bat ere jarriko dute larunbatean, iturriak, amildegiak eta bestelako izenak gazteei ezagutarazteko asmoz. Ondoren, Baxauriko ohitura eta bizimodu zaharrak gogoan izango dituzte hitzaldi batean.

Ohitura zaharrak berreskuratuz

Larunbatean bertan, arratsalde gauean, oroimen ariketa egingo dute, eta herriko tradizioan ohikoak ziren inauteriak ospatuko dituzte. Katxirulo dute pertsonaia nagusia Baxaurin, eta arropa zaharrez eta maskaraz mozorrotuta kalejira egingo dute herrian zehar, eta eskean arituko dira etxez etxe, afarirako jana biltzen.

Baxauri zeharkatzen duen Errege Bidea ere garbituko dute, berreskuratzeko asmoz, auzolanean. Lagraneraino doan bideak garrantzia berezia izan zuen iraganean, Kantauriko kostara zihoazen merkatarien igarobidea baitzen.

Apirilaren 6an herriaren muga zehazten duten mugarri edo mojoiei bisita egingo diete, eta apirilaren 12an kartel bana jarriko dute herriko gune esanguratsu bakoitzean, mendez mende iraun duten izenak galdu ez daitezen. Maiatzaren 24an herriko toponimiari buruzko hitzaldia emango du Roberto Gonzalez de Viñasprek, eta ibilbidea egingo dute herrian zehar, izenen esanahia praktikan ulertzeko.

Jai handia irailean

Irailaren 27a izango da urteko egitarauari amaiera emango dion eguna. Baxauri Kultur Elkartearen eskutik antzerki bat eskainiko dute, herrian antzinako bizitza nolakoa zen irudikatzen lagunduko dutenak. Herriko boluntarioek osatutako taldeak garatuko du antzerkia, eta 27 goizean izango da emanaldia.

Egun osoan zehar izango da jaia Baxaurin. Antzerki ostean herri bazkaria egingo dute frontoian, eta arratsaldea dantzan eta kantuan emango dute, "gorputzak eusten dion arte".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago