Bosgarren edukiontzira batu da Trebiñu

Erredakzioa 2024ko abe. 11a, 10:48

Orain arte lau edukiontzi mota izan dituzte Trebiñun. Argazkia: ALEA

Etxe edo negozio bakoitzean txartel bana erabili beharko da organikoen zaborrontzia irekitzeko.  

Hemendik aurrera zabor organikora bideratutako bosgarren edukiontzia erabili beharko dute trebiñarrek. Trebiñuko Udalak ohar batean ezagutzera eman duenez, etxe edo negozio bakoitzean txartel bat izan beharko dute bosgarren edukiontzia irekitzeko, eta txartel horietako bakoitza katastroko erreferentzia bati lotuta egongo da. 

Zenbait herritan alkateak berak izango dira auzokideen artean txartel berriak banatuko dituztenak. Hala ez den herrien kasuan, auzokideak Ihuda Ibaia zentrotik igaro beharko dira, goizeko ohiko ordutegian, 08:00-15:00 tartean, astelehenetik ostiralera. Modu batean zein bestean, pertsona bakoitzari irekitzeko txartela elektronikoa, informazio eskuorria eta konpostajerako poltsak emango dizkiote.

Bosgarren zaborrontzia erabiltzeagatik zabor tasetan emango dituzten hobariei dagokienez, udalak Burgosko aldizkari ofizialean argitaratutakoa ekarri du gogora. Horri jarraiki, koefiziente murriztaile bat ezarriko dute urtean zaborrontzia irekitzen den egunen arabera: gehienez aplikatutako koefiziente hori 0,9 izango da.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago