VII. eta XI. mendeen artean Las Gobasko (Lañu) haitzulo artifizialetan bizi izan zen populazioa nahiko isolatuta egon zen inguruko populazioekiko, eta aldaketa genetiko gutxi izan zuen, Science Advances aldizkarian asteon argitaratutako zientzia artikulu baten arabera. Stockholmeko Unibertsitateko Ricardo Rodriguez Varela paleogenetistak gidatu du azterketa, eta euskal ikertzaileen kolaborazioa izan du.
Ondorio nagusietako bat izan da garai horretan penintsularen zati garrantzitsu bat kontrolatzen zuten omeiatarren aztarnaren arrasto genetiko nabarmenik ez zegoela Las Gobasen. Aurretik erromatarrekin izandako harremanek ere ez zuten arrasto genetikorik utzi. Kontrara, gizabanako gehienak Burdin Aroko biztanleekin genetikoki lotuta zeudela ondorioztatu dute ikertzaileek.
Modu berean, Europa iparraldeko baztangari lotutako andui bat atzeman dute bertan ehortzitako lagun batean. Ikertzaileen aburuz, horrek iradokitzen du gaitza uste baino lehenago zabaldu izan zela Europan. Hain justu, zientzialariek uste dute birusa iparretik iritsi zela, eta ez ibilbide islamikoetatik. Diotenez, azken hipotesi hau izan da orain arte adituen artean zabalkunde handiena izan duena. Horrez gain, haragi gordinaren kontsumoarekin lotutako patogenoak identifikatu dituzte, azterketa metagenomikoei esker.
Bi aldi bereizi dituzte Las Gobasen, EHUko arkeologo Agustin Azkarateren arabera. Lehena, VII. eta IX mendeen artekoa izan zen. Garai honetako hamabost lagunen lagin genetikoa eskuratu dute. Bigarrena, X. eta XI. mendeetakoa; oraingo honetan, hemeretzi laguneko laginak izan dituzte ikergai.
Lehen aldikoen artean endogamia arrasto gehiago aurkitu dituzte. Horietatik bik ezpatez eragindako zauriak zituztela bazekiten aurretik arkeologoek. Horregatik guztiagatik ikertzaileak sinetsita daude eskarmentu militarra zuen eliteen talde bat zela.
Bigarren aldikoen artean, berriz, ez dute indarkeria zantzurik aurkitu, eta endogamia gutxiago zegoen. Horregatik zientzialariek uste dute nekazaritzari lotutako komunitate bat izan zela, baina Las Gobasen ehorzten jarraitu zutela.
"Oraindik ere behar bezala balioetsita ez dagoen fenomeno harrigarritzat" jo ditu haitzulo artifizial horiek Azkaratek. Azaldu duenez, orotara, Las Gobasen hamahiru haitzulo artifizial daude, horietako bi eliza funtzioa dutelarik.
Jatorri eremitikoa izan zuten egitura hauek VI. mendearen erdialdean eraikitzen hasi ziren, aurkitutako idazkerengatik eta erradiokarbono bidezko datazioengatik.
Lehen biztanleak lurrean hustutako hilobietan lurperatu zituzten, baina gorpuak ez dira gaurdaino iritsi. VII. mendean, berriz, talde laiko batek berreskuratu zituen haitzuloak. "DNAren azterketaren bidez azaldu diren ahaidetasun harremanek agerian utzi dute tokiko eliteak izan zirela tokia berreskuratu zutenak, familia talde batekoak", azaldu du Azkaratek.
Hala, 1. eta 28. hilobietan aurkitutako lagunen azterketak agerian utzi du anaiak zirela, eta 22. hilobian lurperatutako lagunaren lehengusuak ere. 28. eta 22. hilobiko arrastoak, dira, hain justu, ezpata zauriak dituztenak.