Ertzain bat atxilotu dute hiru pertsonari tiro egiteagatik

Erredakzioa 2024ko abu. 8a, 19:52

Bi ertzain kalean. Argazkia: Eusko Jaurlaritza

Hiru homizidio saiakera leporatzen dizkiote. Ertzainak hasieran emandako bertsioa zalantzan jarri du ikerketak, eta atxilotu egin dute.

Ertzaintzak bere kide bat atxilotu zuen atzo, hiru pertsonari tiro egiteagatik, uztailaren 21ean. Ertzainaren kontakizunaren arabera, zerbitzuz kanpo zegoela Trebiñuko bere etxera lapurretan sartu ziren hiru pertsona topatu zituen. Ustezko lapurrek ihesari ekin zioten, ertzainak furgonetaren matrikula ikusi eta jarraitu egin zien, Zaldiaranen aurkitu zituen arte.

Ertzainak bere testigantzan esan zuen ustezko lapurrak bera harrapatzen saiatu zirela ibilgailuarekin, eta hainbat tiro bota behar izan zituela, hori saihesteko. Baina, ertzaintzaren ikerketak erakutsi duenez, frogen arabera ihesean ari zirela egin zien tiro, eta alde batera utzi dute bera harrapatzen saiatu zirenaren hipotesia.

Ertzaina atxilotua dago, eta epailearen esku gelditu da, hiru homizidio saiakera leporatuta.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago