Eskualdean turismoa sustatzeko 2024ko udarako ibilbide tematikoak martxan jarri ditu Trebiñuko Udalak. Uztailaren 26an egin dute aurreneko ibilbidea, eta bertan eskualdeko Gotiko Berantiarreko artearen gaineko azalpenak eman dizkiete bertaratu direnei.
Ostiral honetan izango dute bigarren hitzordua: 11:00etan hasiko da bisitaldia, Maria Diez de Ure plazatik. Ordu eta erdi inguruz, emakumeek konderriaren historian zehar izan duten protagonismoaz ariko dira, eta kasu zehatzetara joko dute.
Abuztuaren 9an, berriz, azken ibilbide tematikoa egingo dute. Oraingo honetan, elkargunea Samiano herriko eliza izango da, 10:00etan. Bisitaldian, Samiano, Fuidio eta Paritza gertuagotik ezagutzeko parada izango dute parte hartzaileek. Bisitaldiek bi euroko kostua izango dute, 12 urtetik beherakoentzat doakoak izango direlarik.
Bestetik, Kalearte enpresarekin, zenbait monumentura bisita gidatuak prestatu dituzte. Igandeetan 11:00etan Faiduko Haitzeko Andre Mariaren eliza bisitatu ahalko da, hiru euroren prezioan. Modu berean, 12:30ean, Lañuko Santorkaria multzo arkeologikoa ezagutzeko parada izango da, bi euroan.