Burgosko Foru Aldundiak Krimea-Kongoko sukar hemorragikoaren birusa daramaten kaparren izurrite bat dagoela ohartarazi die herrialdeko udalerriei zein kontzejuei, tartean Trebiñuko eta Argantzongo udalei; eta gaineratu du kezkatuta daudela bero handiko hilabeteetan izurriteak izan dezakeen gorakadagatik, "transmititutako birusaren heriotza tasa handia delako, txerto eraginkorrik ez dagoelako eta transmititzeko eta mutatzeko gaitasun handia duelako".
Diputazioak zabaldutako zirkularrean jasotzen denez, sukar hemorragikoa ez da kaparrek eragin dezaketen patologia bakarra, "haren hozkada gizakiei 50 gaixotasun desberdin baino gehiago transmititzeko gai baita". Gaixotasun infekziosoetako espezialistek ohartarazi dutenez, kaparren ugalketa esponentziala areagotu egin da, "eta uda zaila izango dela iragarri dute". Maiatzetik urrira izango du eraginik handiena kaparren izurriteak.
Lursailak garbitu
Arriskuaren aurrean, neurriak hartzeko obligazioa dagoela adierazi du Trebiñuko Udalak eta astelehen honetan kaleratutako bando batean, gogoratu die herritar guztiei eta bereziki lursailen jabeei derrigorrez garbitu behar dituztela utzitako lursailak. Betebehar hori bete ezean administrazioek beharrezkoak diren neurriak hartuko dituztela gogoratu du udalak. "Kaparrak lurrean daude, normalean belarraren, zuhaixken edo sastraka lehorren artean ezkutatuta. Beraz, ugaltzeko arrazoietako bat izaten da landaredia eta sastrakak pilatzen direla urbanizatu gabeko edo abandonatutako finketan".
Halaber, zaintza neurriak zorrozteko eta ikuskapen zerbitzuak indartzeko eskatu da, batez ere ikastetxeen inguruetan, jolas eremuetan eta haur jolasetan.